Donostiarren %74k dauka kirola egiteko ohitura
Donostia Kirolakek egindako ikerketa baten arabera 16 urtetik gorako donostiarren %74k kirola edo jarduera fisikoa egiten du aldizka. Emakumeen artean %73k eta gizonen artean %75,5ak egiten dute kirola.
Azaldu dute aurreko ikerketarekin alderatuta, kirolzaleen ehunekoak igotzen jarraitzen duela (2011. urtean %70,6 zen), batez ere emakumeen artean. Gianera, kirol praktikan maiztasuna eta intentsitatea ere areagotu egin dela ondorioztatu dute.
Datu hauek, kirolaren praktikan maila altuenak dituzten Europako herrialdeen parean kokatzen dute Donostia, kirolari buruzko azken Eurobarometroko datuen arabera (2014). Euskadiko eremuan ere Donostiak lidergoa daukala azaldu dute. Eusko Jaurlaritzak duela gutxi aurkeztutako ikerlanaren arabera Euskadin %64k egiten du kirolak (Donostian baino hamar puntu gutxiago).
Praktikatzen diren kirol jarduerei dagokienez, ibiltzearena lehen postuan mantentzen da (%30,5). Gizonen artean korrika egiteak izan du igoera gehien; emakumeen artean aretoko jarduerek azpimarratu dituzte eta azaldu dute korrika egiten dutenen ehunekoa jaitsi egin dela.
Bestalde, gimnasioetan kirol edo jarduera fisikoa egiten duten pertsonen kopurua mantendu egin da.
Kirola egiteko lekuen artean gehienek kalean egiten dute %58k; %36ak udaleko kirol instalazioak erabiltzen dituzte. Klub eta gimnasio pribatuetara joaten direnak, berriz, %17,5a dira.
Hirian urtean zehar antolatzen diren kirol probetan parte hartzen dutenen portzentaiak ere asko igo da, hiru urte hauetan bikoiztu egin da eta ia %13k parte hartzen dute.