Ane Urrutikoetxea: 'Topoarekin topo'
Aste honetan izan da. Etxera iritsi, buzoia ireki, eta hara, Donostiako metroaren inguruko panfleto tolesgarria zegoen bertan. Argia, txukuna, modernoa… barkatu, metroa ez, topoa omen da orain. Halaxe dio aurrean dudan propagandak.
Koloretako tolesgarriarekin batera, baina, zuri-beltzean idatzitako ohar bat topatu dut; metro-topoaren aurka dauden bizilagunena da, Topo.eus atarian kexa uzteko erregua egiten duena. Nik ere, badut honen inguruko kezka, eta etxean sartu bezain laster ireki dut panfletoa, proiektuaz herritarroi esan behar digutena ezagutzeko irrikaz.
Propaganda galdera batekin hasten da: “Zer nahi duzu jakin TOPOari buruz?”. Hementxe lehen begiratuan irakurri ditudan lehen hitz ederrak: hobea, irisgarriagoa, modernoagoa, seguruagoa eta ekologikoa. Hau irakurrita, nor larrituko da, ezta? Baina letra txikiagoan, honakoa zehazten doaz: aurrekontua, 180 milioi euro; zerbitzuaren hasiera-data 2022; luzera, 4,2 kilometro. Hemen bai, alarmak piztu zaizkit.
Buzoira iritsi zaidan paperean eta metroaren webgune berrian zehazten denaren arabera, 200 milioi euro erabiliko dituzte oraingo topo zerbitzuan bi geltoki berri eraiki eta bidea lau kilometroz luzatzeko. Hau da, gaur egun Lugaritzen igo edo jaisten direnak Benta Berri edota Kontxaraino iristeko aukera izango dute. Hori da guztia. Horretarako, zonalde horretan bizi garenok lau urtez metro baten eraikuntzak eskatzen dituen obratzar faraonikoak jasango ditugu; urteak iraungo duten trafiko mozketak, zuloak, hautsa, zarata, pitzadurak etxean… Hori, lanak irauten duten urteetan. Hemendik denbora luze batera (kontu hartu lau urte diotenean gehiago izango direla), obrak amaitu eta metroa martxan jartzen dutenean, trena etxe azpitik pasatzen sentituko dugu, zehazki, eta panfletoak dioen moduan, 7,5 minuturo. Betiko TOPOa, orain metroaren zerbitzuarekin. Idilikoa, ezta?
Garapenaren, ekologiaren eta irisgarritasunaren defendatzailea naiz. Hiri bat ondo komunikatua eta garraiobide publiko osasuntsuduna nahi dut. Baina gauza horiek baditugu dagoeneko. Sortu nahi dituzten bi geltoki horien arteko tartea oinez ordu erdikoa da gehienez; autobusez, 10-15 minutukoa, eta bizikletan, 10 minutukoa. Ez dezagun ahaztu gainera, Kontxa igarotzea ederragoa dela goitik lurrazpitik baino. Metroan, media eginez, 5 minutukoa izango da bidaia; ez da 200 milioi euroko inbertsioa justifikatzeko nahikoa. Metroa ekologikoa da? Argindar ekologikoa erabiltzen badu, beharbada. Baina metroak mantenu lanak beharko ditu, Dbuseko autobusek behar dituztenak baino askoz ere garestiagoak izango direnak.Horri gehitu, ziur aski, autobus zerbitzuek behera egingo dutela, eta beraz, langile batzuk kaleratu beharko dituzte ziurrenik. Beraz, 200 milioi horiek baino askoz garestiagoa izango da metroa. Panfletoak galdera kendu dit ahotik; honela dio: “Antiguak eta Erdialdeak badute euren autobus-zerbitzua. Zertarako behar dute orain trena?”. Erantzunak ez nau lasaitu: “Autobusak zerbitzu bikaina eskaintzen du, baina TOPOaren zerbitzua osagarria izango da… Hirigunea itxita badago, Behobia-Donostia eta Donostiako Klasikoa bezalako probak direla medio, trenak modu berean eskainiko du zerbitzua”. Ez dakit zuek zer diozuen, baina niri ez zait pisuzko arrazoia iruditzen. Ondorioa argi daukat: Metroa Donostian? Ez, eskerrik asko.