Igeriketatik triatloietara

Izugarria da Irati Mendia osatzen ari den ibilbidea. Zazpi urterekin hasi zen igerian eta inguruko zeharkaldi guztiak irabazi ostean, lesio batek triatloiak egitera eraman du, sekulako emaitzekin.
irati-mendia

(Argazkia: Estitxu Zabala)

Kirolari jaioa da Irati Mendia (Antigua, 1994). Ibili izan da piraguismoan, eskaladan, boleibolean, eta, bereziki, tenisean eta eskiatzen. Horien gainetik, ordea, igeriketa izan da nagusi bere kirol ibilbidean, zazpi urterekin lehiatzen hasi zenetik, Donostiako Atletikorekin. Haur mailan Espainiako Txapelketan jokatzera iritsi zen, eta igerilekuan ibili ostean, zeharkaldiak egiteari ekin zion. Bidasoan sendotu zuen bere ibilbidea, eta sekulako emaitzak lortu zituen. 2011n irabazi zuen bere lehen Getaria-Zarautz igeriketa zeharkaldia, helduen mailan, eta gerora irabazle izan zen inguruko guztietan: Irlakoa, Pasealeku Berrikoa… Europako Kopan ere parte hartu zuen Asturiasko Navia herrian, eta, horrela ibili da urteetan, udaran ur irekietan, eta, neguan, proba motzak prestatzen: «Donostiarra izanda, itsasoa beti izan dut gustuko, eta ondo moldatu izan naiz».

Bizkarreko lesio baten ondorioz, distantzia luzeko probak egiteari utzi behar izan zion, baina horrek ez du kirol mundutik baztertu, aurkakoa baizik: «Ezin ditut horrenbeste kilometro egin, egurrean. Hor ondo lehiatzeko asko entrenatu behar da, eta horregatik aldatu naiz triatloietara». Aurretik ere probatuak zituen arren, 2016an sartu zen serio duatloiak eta triatloiak egitera, eta podiumak bata bestearen atzetik lortu ditu, Euskal Herriko mailan: «Yepa taldeko Adriana Campoik gomendatu zidan triatloiena. Bizkarrekoa pasa baino lehenago probatu nuen lehenengoa, eta gustatu zitzaidan, eta gero jarraitzea erabaki nuen». Yepan hasi zen, eta, iaz, Ainhoa Muruarekin hasi zen entrenatzen, Yepakoekin lehiatzen. «Igerilekuan bazenekien zerbait oso larria gertatzen ez bazen, zuk pentsatzen zenuen postuan geratuko zinela. Zeharkaldiak aldakorragoak dira, korronteek, edo buia bat ez ikusteak dena alda dezake. Triatloia ere aldakorra da, mami gehiago du, pentsatu egin behar duzu. Kronometroaren aurka baino gehiago, besteen aurka ari zara».

Korrika saioei begira

Ingeniaritzako master bat egiten aritu da, goiz eta arratsaldez, eta iluntzetan irakasle izateko titulua ateratzen aritu da. Beraz, bere kontura entrenatzen hasi zen. Trikideak taldeko kidea da, iaztik, eta entrenamenduak gidatzen dizkiote. «Yepako azkeneko urtean Euskal Herriko zirkuitua irabazi nuen, 23 urtetik beherakoetan. Aurten ezin izan dut proba guztietan parte hartu, Trikideak taldearekin Espainiako zirkuiturako puntuak lortu beharra genituelako. Espainiako Lehenengo Mailan seigarrenak geratu gara, hamabost taldetatik, eta bakarka itxuroso ibili naiz». Normalean dio igerian lehenengo multzoan ateratzen dela, bizikletan mantentzea lortzen duela, baina korrika aurreratu egiten dutela. Taldekideekin izaten ditu beste erronka batzuk. Multzoka irauteagatik ere sariak egoten baitira, esaterako.

Bikotekidea triatloilaria du gainera, eta aita betidanik izan du zikloturista, beraz, laguntzaileak ez zaizkio falta. Aitarekin entrenatzen du maiz bizikletaz, asteburuetan. «Korrikarako aldaketa asko kostatzen ari zait eta hobetu nahi dut. Oraindik korrika guztiz serio ezin dut egin. Hasi eta lesionatu egiten naiz. Indarra dudanez, bizikletan ongi moldatzen naiz». Horrela, astean zehar egunean kirol baterako edo birako entrenatzen da; bi direnean, horietako bat igeriketa izaten da. Asteburuetan, bizikletaz luze ibiltzen saiatzen da, edo saio motzagoekin hiru kirolak sartzen.

Igeriketa probak ez ditu utzi, guztiz. Urumeako zeharkaldia eta Zierbenakoa egin ditu aurten, eta biak irabazi ditu, beste batzuen artean. Orain atsedenaldian dagoela dio, baina ez da geldirik egoten. Apirilean eta abuztuan maiz joaten da Benidormera entrenatzera, oporraldiak aprobetxatuz, eta, bide batez, zeharkaldiak eta triatloiak egiten ditu inguru horretan, garaipenak lortuz eta podiumak zapalduz.
Desio bat badu Mendiak: «Zarauzko triatloia egiteko gogoa dut, bizitzan behin egin beharrekoa da. Horretarako, ongi entrenatu behar dut, bereziki korrika txukun egin behar da. Oraindik maratoi erdia asko da niretzat».

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend