Izarne Zelaia: 'Kataluniara begira'
Kataluniara begira pasa ditugu azken asteak. Gertakarien aurrean elkartasuna adierazi du Euskal Herriak, erabakitzeko eskubidea izan behar baitu herriak, bai han, bai hemen. Halako esaldi andana entzun eta esan dugu egunotan ilusioz, eta zerbait piztu da gugan, bizi nahi duen herri bat hemen ere badela lehendik bagenekien arren. Ezin esan genezake Katalunian gertatzen ari denak hunkitu ez gaituenik, ezin esan une askotan euren azalean egon nahi ez genukeenik. Espainiari agur esan nahi genioke herritar katalan zein euskaldun askok, ez baitigu ezer onik ematen, are gehiago, errepresio eta murrizketez kanpoko ezer ez dugu espero dagoeneko. Argi geratu da beraz, eskubideak emateko zain egon gabe hartu behar izaten direla. Baina eskubide horien defentsaren pare ez ote dagoen sentimendu komun bat, herri sentiarazten dituena eta gaituena.
Kataluniara begira pasa ditugu azken asteak, baina bada senti daitekeen eta ikusterik ez den zerbait.
Eta herri sentitze horretan ez ote duen hizkuntzak bere alea jartzen. Aspaldion buruan dabilkit, nazio izaera indartzeko, euskaldunok ez al genukeen hizkuntzan arreta gehiago jarri behar. Tamalez, gure politikariek ez dute euskaraz bizitzea helburu dugun askok nahi genukeen adina indar jartzen hizkuntzaren auzian, eta ingurukoak erakarri nahi horretan euskara ez da beren lehentasuna.
Azken asteak Kataluniara begira pasa ditugu, baina antza, begiradaren araberakoa da ikusten dena.
Noiz arte ariko dira euskaltzale kontsideratzen diren alderdiak (kasurik onenean) guztia elebitan egiten? Noiz egingo dute benetako hautua euskaratik eta euskaraz bizitzeko, aritzeko, komunikatzeko?
Alderdiengan esperantza izan baino, argi dago herritarrok egin beharko dugula iraultza, egunero, gure txikitik, kaletik. Izan ere, Katalunia begiratu dugu, baina esango nuke askori Katalunia entzutea falta izan zaiola: kataluniar herritarrak zein hizkuntzatan ari diren entzutea.