Martuteneko jaiak berrikuntzekin datoz aurtengoan; Martutxin eta Martutxina jaio dira auzoko protagonista gisa eta asteburua indartsu datorkie.
Martuteneko jai batzordeko kideak, auzoko beste lagun batzuekin batera. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Pertsonaiak dituzte lehenengo aldiz Martuteneko jaiek: Martutxin eta Martutxina. Donostia Kulturatik iritsi zitzaien proposamena Martutenekoei, beste auzo askotan jaiek pertsonaiak dituztelako, eta jai batzordeak Haurtxoko eta Gaztelekukoei eskatu zieten laguntza, auzoan oso errotuak baitaude.
Gaztetxoek gogoz hartu zuten enkargua, eta jai batzordekoak pozik daude haiek egin duten lanarekin. Jai batzordeko Idoia Arregik eta Irantzu Iturzaetak azaldu diote Irutxuloko Hitzari nola sortu dituzten pertsonaiak: «Euren irudimena erabiltzeko eskatu genien auzoko gaztetxoei. Bi figura izatea nahi genuen, emakumea eta gizona azaltzeko».
Ez da Haurtxoko eta Gaztelekuak jaietarako egin duten kontu bakarra izan. Jaien hasiera ere euren kontu joan da, hainbat jarduerarekin: panpinen aurkezpena eta pregoia, tailerrak, eskulanak, jolasak…
Horretaz gain, berrikuntza gehiago ere badituzte jaietan –Martuteneko jai egitarau osoa, 14. orrialdean–. Kirolaren aldeko apustua egin dute, 3x3ko saskibaloi txapelketarekin eta boleibol txapelketekin (ostiral arratsaldean), ikastolako jolastokian. «Saiatu gara adin guztietarako jarduerak antolatzen», dio Arregik.
Jaietarako kamisetak egin dituzte aurten ere, eta auzoko Angela Alonso arduratu da diseinua osatzeaz. Amerikako Estatu Batuetako Ramones punk talde ezagunaren logo mitikoaren diseinua erabili dute elastikoan. «Angelak auzorako moldatu du kamiseta. Berezko arranoa kendu eta jarri dugu oso garrantzitsua iruditzen zaigun leloa: Ezetz beti da ezetz. Festetan gertatzen ari diren erasoekin garrantzitsua iruditzen zitzaigulako gaia azaleratzea», dio Iturzaetak.
Jaietako egun handia beti bezala urriaren 12a izan da, sagardo dastaketa eta herri kirolen erakustaldiarekin. Hamaika sagardotegitako sagardoa dastatzeko aukera izan dute, eta, lehenengo aldiz, artisau postuak ere jarri dituzte, baserritarren barazki postuez gain.
Musikari dagokionez, adin guztietara iristen saiatu direla diote. Hori bai, egun indartsuena larunbatekoa izango da, kontzertu hirukoitzarekin. Auzoko The WC Groovers taldea, The Bon Scott Band kataluniarrak (duela zazpi urte ere egon ziren eta AC/DC taldearen tribute band gisa definitzen dute euren burua). Akerbeltz euskal talde gaztearen emanaldiarekin bukatuko da gaua.
Bazkaria, mozorrotuta
Ohiturari jarraituz, herri bazkaria egingo dute larunbatean, aurreko urteetan bezala. Aurten, ordea, girotzeko gaia ere izango du: 1980ko hamarkada. Horrela bada, deia egin dute mozorrotua joan dadin jendea: «Auzoko lagun asko elkartzen garen momentua izaten da bazkaria», nabarmendu dute jai batzordeko kideek. Dj bat ere izango dute bazkaria girotu eta denboran atzera egiteko. Bazkariaren aurretik, 12:30ean, danborrada izango dute auzoko kaleetan barrena, aspaldiko ohitura berreskuratuz. Izan ere, urte asko dira jaietan ez dutela danborradarik egiten.