Egiako TAO zerbitzua jartzeko azken urratsak ematen ari da udala
Udala Egiako TAO zerbitzua jartzeko azken pausoak ematen ari da. Pilar Arana Mugikortasun eta Garraio zinegotziak azaldu du egun batzuk barru hasiko direla guneak eta tarifak zehazteko beharrezko seinaleak jartzen. 2018ko urtarrilean abiatu nahi dute TAO sistema.Bestalde, azaldu dute mugikortasun saila bizilagunak informatzeko lanean ari dela. Horretarako, liburuxkak banatuko dituzte bizilagunen artean: “Hurrengo asteetan Egiako bizilagunek liburuxka jasoko dute, eta, bertan, azalduko dira, besteak beste, auzoan aparkatzeko egingo diren gune ezberdinak”.
Lau aparkaleku mota bereiziko dituzte: bertakoak, mistoak, TAO komertziala eta karga eta deskarga. Udalak guztira 1.500 plaza arautuko ditu Egian. 440 egoiliarrentzat, 910 mistoak eta 78 TAO komertzialekoak.
Aranak uste du TAO ezartzearekin batera auzoan dauden aparkatzeko arazo handiei erantzuna emango dietela: “Orain arte bertakoek duten aparkaleku kopuru txikiari, beste arazo bat gehitu behar zaio, alegia, hiriaren kanpotik datozen auto kopuru handi batek Egian aparkatzen duela”.
Aranak gogorarazi du urtarrilaren 2tik aurrera Egiako bizilagunek, araututako 1.500 plaza berrien %80an aparkatu ahal izango dutela.