Adineko pertsonen eta eragileen arteko lankidetza sustatzeko egitasmo bat abiatuko dute Egian
LKaleak egitasmoa abiatuko dute Egian, Donostia Lagunkoiak bultzatuta. Adinekoek, komunitateko beste pertsona eta eragileekin batera, hurbiltasuneko lankidetza mekanismoak irudikatu, diseinatu eta bultzatzea nahi dute.
Lkaleak egitasmoak urtebeteko iraupena izango du eta Emanhar Gizarte Elkartearen profesionalak izango dira sorkuntza prozesuaren antolaketa, sustapen, dinamizazio eta parte-hartze lanak bideratuko dituztenak.
Proiektu honen helburuak hauek direla azaldu dute: “Komunitatea aktibatzeko bide emango duen prozesua egitea, adinekoek hurbileko ingurunearekin duten loturari eusteko ere balio izango duena; eta egindako prozesua sistematizatzea, ebaluatu ahal izateko, ikasitakoa zabaltzeko eta proiektua erreplikatu ahal izateko”.
Aurrez aipatu bezala, Lkaleak proiektua Donostia Lagunkoiak sustatu du, baina beste hainbat eragile eta erakunderen laguntzarekin: udala, APTES Gizarte Teknologia Sustatzeko Elkartea eta Deustuko Unibertsitatea. Erakunde hauek dagoeneko elkarlanean ari dira komunitate antolaketa egitasmoen diseinuan.