Maialen Arrazola: “Heldu da garaia uzteko”

Maialen Arrazola

Arrazola, iaz, San Juanek egindako aurkezpenean. (Argazkia: OarsoBidasoko Hitza)

Arraunean hemezortzi urte egin ostean, erretiroa hartzea erabaki du Maialen Arrazolak (Erdialdea, 1985). Elkarrizketa egin dio Aitor Manterola kazetariak Berria egunkarirako, bere kirol ibilbidearen errepasoa eginez. Hemen dituzue ideia deigarrietako batzuk:

Utzi egin behar izan duzu ala zure borondatez zoaz?
Sasoiko nago, eta lanarekin uztartzen segi nezakeen, kostata izango bazen ere. Baina heldu da garaia uzteko. Azken batean, arraunak asko eman dit, baina beste gauza batzuk bizitzeko aukera ere kentzen du.

Arraunaz kanpoko bizimodu horretan zer dagoen ikusteko gogoz al zaude?
Ez dakit gogoa den, baina orain izan behar du, bestela beste urte mordo bat egingo nituzkeelako arraunean. Sekulako urtea egin dugu taldean, San Juanen. Entrenatzaile gisa ere oso urte ona izan da. Taldekideekin oso ondo moldatu naiz, eta segi nezakeen, baina uzteko garaia da.

Arraunean egindako ibilbide luze honek ondo ase zaitu?
Pozik eta beteta noa, baina beti daukat gosea. Ez zait inoiz joango. Dena egin dudan ustea ez daukat.

Zer nahi duzu aurkitu arraunetik kanpo?
Ezer berezirik ez. Inoiz ez naiz joan lagunekin oporretara. Ezkon bidaia izan dut oporretako bidaia bakarra. Lagunek galdetu, eta ez dut erantzun nahi: «Arrauna daukat, eta ezin dut». Erantzun nahi diet ahal dudala joan beraiekin ez dakit nora.

Espainiako selekziotik San Juanera, mugikorretik aulki finkora, Berriz bizimodu aldaketa, ezta?
Lanean nenbilen ordurako, eta lana eta entrenamenduak uztartzea askoz gogorragoa egin zitzaidan, Banyolasen egunero hiru lan saio egitea baino.

Behetik hasi zen taldeak sekulakoak egin ditu azken lau urteetan: Kontxa irabazi urtero, eta Euskotren liga ere bai.

Ikaragarria da. Ez dago txarrik aipatzeko, eta ez bakarrik emaitza onengatik. Izan ditugu estropada txarrak lau urte hauetan. Euskadiko trainerilla txapelketa aurten irabazi dugu aurreneko aldiz, baita Espainiako batel txapelketa ere, adibidez. Emaitzez harago, taldea da San Juanek duen onena.

Emakumea eta arrauna, emakumea eta kirola. Berdintasuna bai, berdintasuna ez. Zein da zure iritzia?
Neure buruari asko eskatzen diot, eta taldekideei ere erakusten saiatu naiz, aurten eta lehen. Baina denok ez gara berdinak, ez gure taldean eta ez besteetan. Berdintasunak beti egon behar du, baina bakoitzak bere ahalmenen barruan dena emanda. Gizonezko arraunlari oso on bat gera daiteke inoiz Kontxan arraun egin gabe, baina emakume bat, edozein, ona edo txarra izan, Kontxan arraun egitera hel daiteke. Hori ez da berdintasuna niretzat.

 

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend