'Badugu Donostian euskararen erabilera areagotzeko formula'
«Auzia ez da izan ala ez izan… Kontua ekitea da. Egitea. Egiten duguna gara…». (Korrikako mezua, Lorea Agirre, 2015). Eta ekitea diogunean esan genezake horren barruan kokatzen dugula aktibatzea, egiteko modu berriak probatzea, bestelako esparru sektore eta eremu batzuekin lankidetzan aritzea eta harreman berriak egitea. 2016az geroztik Euskal Herriko hainbat txokotan aspaldidanik zegoen gogo bati heldu diote zenbaitek. Euskaraz bizitzeko nahiari erantzuteko aktibazio ekimenak jarri dira martxan. Hizkuntza jokabideetan eragiteko eta euskararen erabileran eragiteko ekimenak izan dira Egian, Añorgan, Piraten mugimenduan, Altzan eta Intxaurrondon martxan jarri diren ekimenak. Lasarteko ekimenean zehar egindako ikerketak erakutsi zigun metodo honen bidez erabilerak gora egiten duela.
Ekimen horiek ereindakoari jarraituz 2018rako proposamena garatu dute Topaguneak eta Eusko Jaurlaritzak: 365 egun euskaraz ekimena. Hurrengo urtearen amaieran Donostia mailan halako ekimena martxan jartzeko proposamena da, beraz, datorren larunbatean, hilaren 28an, San Telmo museoan egingo ditugun jardunaldietan landuko duguna. Nola, norekin eta zer egingo dugu Donostian euskararen erabilera areagotuko duen ekimena martxan jarri ahal izateko?
Proposatzen den ekimena ez da kanpaina bat, ez da hasi eta amaituko den proiektu bat. Kontrara, planteatzen dena lan egiteko modu berria da, harreman berrietarako adostasunak bilatzea, ekiteko era berritzaileak topatzea eta abar. Lan ildo berri bat izango da, finean, hori da behintzat Bagera Donostiako euskaltzaleon elkartetik etorkizun hurbilean eskuartean izango dugun asmoa.
Herritarrak aktibatzea eta norberak bere hizkuntza jokabideen gainean hausnartzea da helburua. Ekimenak ekarriko ditu salto txiki pila eta irekiko ditu ate asko. Pauso guzti horiek, txikitik handira diren horiek, eragina izango dute etorkizunean, denak izango direlako euskarak irabaziko dituen eremuak. Ekiogun bada!
Idoia Trenor, Bagera elkarteko langilea