Protesta egin dute Bulebarreko McDonalds jatetxean
Ekintza antiespezistaren nazioarteko astea da, eta Askekintza elkarteak hainbat ekintza eta ekitaldi prestatu ditu. Atzo, esaterako, Donostiako Bulebarreko McDonaldsean sartu eta eta espezismoak eragiten duen zapalkuntza salatu zuten. Bera ez da Happy Meal mezua zabaldu zuten aktibistek eraman zituzten karteletan. Hildako txerri batekin irudikatu nahi izan zuten “McDonaldsek eta antzeko multinazionalek eragiten duten esplotazioa eta zapalkuntza”. Barruan zirela, Haragia hilketa da!, Espezismoa suntsitu! eta Animalien Askapena! leloak oihukatu zituzten polizia etorri eta aktibistak bertatik kanporatu zituzten arte.
Gaur, Beganismoaren nazioarteko egunean, Hernaniko Kontrakantxa Gaztetxearekin batera Jardunaldi Antiespezistak antolatu dituzte. Arratsaldean elkartuko dira Hernaniko gaztetxean.
Egitaraua:
- 17:00etan “Animalien Askapenari sarrera: Beganismoa eta antiespezismoa” hitzaldia.
- 18:00etan Lurtarrak dokumentalaren emanaldia jatorrizko hizkuntzan euskarazko azpidatziekin.
- 19:00tan mahai-ingurua. Ikusi eta entzundakoa aztertu eta eztabaidatzeko espazioa.
- 20:30ean Afari %100 begetala eta postrearekin batera Askekintza prestatzen ari den “Festak Ospatu Animaliak Askatu” dokumentalaren trailerraren estreinaldia. Afaria borondatearen truke izango da eta beharrezkoa da Garin tabernan edo Askekintzaren sare sozialen bitartez izena ematea.