Astelehenetik ostegunera elkartzen da arratsaldero Altzako emakume talde bat, Elkartasuna auzo elkartean. Euren helburua: ehoziriak egiten ondo pasatzea.
Altzako hainbat emakume biltzen dira Elkartasuna auzo elkartean arratsaldero, astelehenetik ostegunera, ehoziriak egiteko. (Argazkia: Lide Ferreira)
Auzoko lagunak dira , eguneroko bizitza Altzan egin duten emakumeak. Orain, gehienak erretiratuak daude, baina hori ez da oztopo aktiboak izaten jarraitzeko. Ikastaro askotan parte hartu izan duten arren, duela urte batzuk, euren kabuz zerbait egin zezaketela pentsatu zuten: «Kultur etxe batera joaten ginen lagun guztiak ehoziriak –bolilloak– egiten ikastera, baina konturatu ginen pentsatzen genuena baino askoz gehiago genekiela, eta ordaintzen genuen dirua aurreztu genezakeela». Beraz, Altzako Santa Barbara inguruan dagoen Elkartasuna auzo elkarteari baimena eskatu, eta bertan hasi ziren arratsaldeak pasatzen.
Zehazki, astelehenetik ostegunera egoten da emakume taldea auzo elkartean –hamabost bat dira, guztira–, 15:00etatik 18:00etara, ehoziriak egiten. «Elkarri laguntzen diogu. Egun batzuetan, adibidez, zenbait teknikatan adituagoak direnak izaten dira zalantzak argitzen dituztenak eta irakasle rola hartzen dutenak, baina, orokorrean, ez dago horrelakorik; denok egiten dizkiogu gure ekarpentxoak taldeari».
Ehoziri lana egitea ehun teknika bat da, eta helburu nagusia da hariletan dauden hariak ehotzea. Lanak aurrera egin ahala, ehuna lotzen da orratz batzuekin kuxin batean. Lortu nahi den forma edo marrazkiaren arabera, txantiloi batzuk erabiltzen dira, eta kuxinean bertan dauden zulotxo batzuen bidez ematen zaie forma. Baserritar jantziak, xalak, toallak, mantalak, poltsak, gerrikoak… denetarik egin daiteke ehoziriekin.
Emakume bat Cacereskoa da, Acebo herrikoa: «Han jaio zen ehoziria, eta nire amak irakatsi zidan, berak horretan egiten baitzuen lan». Beste emakume batek 8 urterekin ikasi zuela dio, baina Donostiara etorri zenean, 40 urtez orratzak ikutu gabe egon zela: «Orain berrartu dut, eta ia hasieratik ikasi behar izan dut berriro!».
Bertaratzen den orori ere erakusteko prest daudela diote: «Orain, gazteagoak diren bi neska animatu dira. Egia da, azkenaldian, mundu honetan gero eta jende gazteagoa dagoela interesatua. Hona etorri direnak oso azkar ari dira ikasten! Horietako batentzako prestatzen ari naiz gona bat».
Izan ere, gustuko dute beste lagunentzako ehoziriaz egindako arropa eta materialak prestatzea. Hori bai, batzuetan, lanez gainezka egoten dira. «Niri askotan gertatu izan zait, ehoziriaren lanarekin hasi baino lehen, jada badakidala nori oparituko diodan. Alabek eta bilobek eskatzen didate, eta beraientzako prestatzen ditut asko», adierazi du emakume batek.
Ehoziriak egitearekin batera, Altzako emakume talde honek ondo baino hobeto pasatzen du arratsaldero. «Elkartasuna auzo elkarteko kuota ordaintzen dugu –urtean, 20 euro inguru– hemen egon ahal izateko, baina hori ez da ezer jakinda zeinen ondo pasatzen dugun: meriendatzen dugu, hemen gaudenon urtebetetzeak ospatzeko txokolatea eta txurroak jaten ditugu, txisteak eta txutxu-mutxuak kontatzen dizkiogu elkarri… giroa aparta izaten da. Hori bai, politikari eta erlijioari buruzko gaiak debekatuak daude», aitortu du emakume batek barrez.
Oso lagungarria
Gainera, denak elkartzea oso lagungarria izan daitekeela aipatu du batek baino gehiagok: «Senarra duela gutxi hil zen, eta oso triste egon naiz azkenaldian, etxetik ia atera gabe. Ehoziriak egiteak eta lagunekin egoteak asko alaitu nau».
Auzo elkartetik kanpo ere parte hartzen dute estatu mailan ehoziriarekin lotuta antolatzen dituzten jardueratan. Bertan, ehoziriak egin eta haria eta bestelako materialak erosten dituzte: «Donostialdetik irteten da autobus bat, eta egun osoa pasatzen dugu bertan. Jende ugari ezagutzeko aukera izaten dugu; noizbait, 500-600 emakume elkarte bildu izan gara».