Ane Urrutikoetxea: 'Domin(azi)o efektua'
Ikaragarria da, eta harrigarria. Indarkeria salatzen hasi, eta tropelka denuntzia berriak agertzen dira, udazkeneko perretxikoen moduan, domino efektu perfektuan. Inuzenteenek pentsatuko dute susmagarriak direla bat-batean aireratutako salaketa horiek, oihartzun mediatikoaren olatua aprobetxatzeko intentzio zikina dutela. Errealitatea oso bestelakoa da; gure gizartean indarkeria zein punturaino sistematizatua eta normalizatua dagoen erakusten digute, gure begien aurrean gertatu arren, ikusezin bihurtzeraino.
Elur-jausia eragin duen pieza gakoa Harvey Weinsteinen kasua izan da. Hollywoodeko ekoizle boteretsu eta ukiezinak urteak eman ditu emakumeak erasotzen, eta besteak beste, hainbat sexu eraso egotzi dizkiote. Bere kasuak eztanda egin bezain laster etorri ziren lehen salaketak, pandoraren kaxa irekiz; geroztik, oraindik amaitu ez diren denuntziak pilatu dira bata bestearen atzetik.
Weinsteinen kasuak inpunitatearen estalkia altxatu du, eta urteetan isilpean gordetako istorio beldurgarriak aireratu dira. #MeToo traolpean, indarkeria sistematizatuaren milaka adibide zabaldu dituzte. Azken hilabeteetan, argi gelditu da indarkeria sexistaren jatorriak ez duela adin, estatus edota arrazarik; eta halere, biktimak errudun bihurtzen dituzten artikulu ugari agertu dira, oraindik indarkeria babesten duen sistemarekin hausteko beldur direnen eskuek idatzita.
Baina domino efektuak aurrera jarraitu du, eta Weinsteinen ondoren bestelako izen batzuk agertu dira: Kevin Spacey, Dustin Hoffman, James Toback… Baina erasotzaileekin batera, indarkeria sistema babestu duten konplize isilen izenak ere aireratu dira. Batzuek, beren irudia garbitzeko saiakera egin dute; Ben Affleck aktoreak, esaterako, Weinstenekin irabazitako dirua donatuko duela adierazi du. Beste batzuek, burua lurpean gorde dute, ostruken antzera: Matt Damonek adierazi du bazekiela Weinstein zerri bat zela, baina ez zuela zertan kontu horietan sartu behar, eta Alec Baldwinek bere Twitter kontua itxi du gaiaren inguruan barre egiteagatik.
Weinsteinen kasuak sekulako oihartzuna izan du, onerako hala txarrerako, baina ez da bakarra. Casey Affleck, Michael Fassbender, Marlon Brando, Cristian Bale, Johnny Depp, Roman Polanski, Woody Allen… jarraian aipatutako aktore eta zuzendariek sexu erasoen salaketak jaso dituzte, baina beren ibilbide profesionalak ez dute sufritu. Aldiz, orain arte beren istorioak isilpean gorde dituztenek, lana eta izen ona galtzeko beldurrez bizi izan dira; dominazio efektuak geldiarazi ditu, baina hasi dira hitz egiten.