Ikasbide Kultur Elkarteak hitzaldi sorta zabala antolatu du urteroko Azaro Kulturalerako; euskararen egunaren bueltan itxiko dute zikloa, bertso bazkari batekin.
Hitzaldietan elkarteko aretoa betetzea lortzen dute. (Argazkia: Ikasbide Kultur Elkartea)
Ikasbide Kultur Elkarteak 2003tik urtero antolatu du Azaro Kulturala. Hasieran, gai zabal bat jartzen zuten, eta horren inguruan antolatzen zituzten jarduera guztiak. Azken urteetan, ordea, denetariko gaiak jorratu dituzte ekitaldi bakoitzaren barnean. Aurtengo Azaro Kulturalaren programaren barruan lau hitzaldi egingo dituzte, eta, bukatzeko, bertso bazkari bat. «Amara Berrin erreferenteak izan gara euskara eta euskal kultura bultzatzen. Gu hasi ginenean ez zegoen kultur etxerik ere, eta guk egiten genituen horrelako jarduera guztiak. Azaro Kulturalarekin, azken urteetan gela bete dugu hitzaldietan, eta bertso afarietan ere lagun asko elkartu izan gara», dio pozik Juan Martin Urkolak, Ikasbide kultur elkarteko kideak.
Aste honetan bertan hasi dute Azaro Kulturala, atzo egitekoa ziren Maria Epelderen hitzadi batekin: Zaporeak: iragana, oraina eta ondorena. «Jaietan urtero bazkari bat egin dugu eta jasotako dirua Zaporeak elkarteari eman diogu. Horregatik gogoratu gara beraietaz».
Horrela bada, hitzaldi bat eskainiko dute astero. Datorren ostegunean, azaroaren 16an, Mikel Legorbururen txanda izango da. Donostialdeako toponimia landuko du Legorburuk, aspaldiko dokumentuetan oinarritutako izenen mantentzea, eboluzioa eta eraldatzea, interpretazioak eta okertzeak, besteak beste.
Hemendi bi astera, azaroaren 24an, berriz, ostirala, Martuteneko Josune Otxotorena eta Koro Mitxelenaren txanda izango da. Iazko udan bidaia bat egin zuten elkarrekin bi lagunek, Madagaskarreko Errepublikara, eta bertan bizitakoaren berri emango dute, argazkiekin batera.
Hitzaldien zikloa ixteko, Edu Zabala Garagartzaren bisita jasoko dute elkartean. Ezka liburuaren bueltan ariko da. Oliteko Jauregian 1407an egindako eskaera bati buruzkoa da istorioa, Lan garrantzitsu batzuk egiteko egurra eskatu zuten, eta enkargua almadien bitartez jaso zuten. Abentura haien berri emango du Zabalak.
Ohiturari jarraituz, bertsolariek itxiko dute zikloa. Abenduaren 3an izango da aurtengo bertso saioa, Euskararen egunarekin bat egingo du, eta afaria beharrean, bazkaria egingo dute. Sebastian Lizaso eta Uxue Alberdi ariko dira bertsotan, eta izen ematea zabalik dago.
Ikastolatik sortua
Ikasbide ikastolatik sortu zuten Ikasbide Kultur elkartea, 1996 urtearen bueltan: «Seme-alabek ikastola 14 urterekin bukatzen zutenean, auzoan geratzea nahi genuen, erdialdera joan beharrean. Horretako bereziki sortu genuen elkartea: jolasak, trikitixa eta dantza izaten genituen», dio Urkolak. Oraindik ere tailerrak eskaintzen dituzte elkartean, auzo guztiarentzako. Horretaz gain, ospakizun asko ere antolatzen dituzte: jaiak, Santa Ageda, eta danborra