Gaztelumendi anaiek Bageraren festako bazkaria girotuko dute. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Bagera euskaltzaleen elkarteak 25 urte bete ditu, eta behar bezala ospatzeko egun osoko egitaraua prestatu du biharko. Goizetik iluntzera hainbat jarduera egingo dituzte hiriko hainbat txokotan.
Egunari hasiera emateko, ibilbide bat antolatu dute 12:00etan Antzoki Zaharretik hasita. Ibilbideak hainbat ezusteko izango ditu, tartean, Bilintx eta Juana Bixenta Olabe bertsolariak azalduko dira eta haiekin batera kantu jira egingo dute Konstituzio plazaraino. Han ere sorpresa ugari egongo direla aurreratu dute, eta, handik denak batera San Telmo Museora joango dira.
Ekitaldi berezia prestatu dute museoan (12:30). Zenbait euskal musikarik, aktorek eta dantzarik parte hartuko dute: Aire Ahizpak, Kike Amonarriz, Mikel Martinez, Idoia Torregarai eta Haatik dantza taldea, besteak beste.
Aizpea Goenagaren Euskararen zazpi bekatuak antzezlaneko bi eszena ere antzeztuko dituzte. Azkenik, Donostia eta inguruetako hainbat idazleren eta bertsolariren haikuak ere irakurriko dituzte.
Ibilaldia bukatuta, bazkaria egingo dute Zurriola ikastetxean (14:30). Ondoren, Unai eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak eta Nerea Arriola aktorea ariko dira arratsaldea girotzen.
Gainera, Bagerak hirian euskararen alde lanean aritu diren 25 bidelagun omenduko ditu. Bihar bertan jakin ahal izango da zeintzuk diren aukeratuak.