"Perun izango da hurrengoa, eta joateko sekulako gogoa dut"
Munduko Kayak Surf Txapelketa irabazi berri du Euskal Selekzioak, Ipar Irlandan; tartean zegoen Ainhoa Tolosa, eta bakarka ere txapelduna izan da, piragua motzarekin.
Ainhoa Tolosa; piraguista.
Bi urteko atsedenaldiaren ostean indartsu itzuli da Ainhoa Tolosa (Intxaurrondo, 1981). Haurdun zegoela entrenatzeari utzi behar izan zion, eta orain gogotsu dabil, erronka berriekin.
Hamabi urterekin hasi zinen piraguan ibiltzen. Nolatan?
Garai hartan, Donostian, ia mundu guztiak ikastaroak egiten zituen Kontxan. Orain jende gehienak surfa egiten du, baina orduan piraguismoa zegoen modan. Udalekuetan ez gintuzten hartu eta gurasoek zerbait egitea nahi zutenez, Fortunaren ikastaro batean sartu gintuzten ahizpa bikia eta biok. Gero ea jarraitu nahi genuen esan ziguten klubekoek, eta horrela hasi ginen.
Zein modalitatetan ibiltzen zineten?
Fortunan lehenengoak izan ginen slaloma egiten. Maila gehiago hartzeko txiki geratu zitzaigun, eta horregatik, hurrengo urtean, Atletikora joan ginen. Hamalau urtetatik Espainiako ligan parte hartzen hasi ginen, eta bost proba izaten ziren. Urte askoan ibli nintzen, 2011 arte. Hamalau urterekin sartu nintzen Espainiako junior selekzioan;?eta hamazazpirekin, absolutuan. Gero, Gasteizera joan nintzen ikastera, eta han jarraitu nuen entrenatzea. Zailagoa zen, ur biziak ez daudelako eta urtegietan eta gimnasioan ibiltzen nintzen, eta asteburuetan ibaian entrenatzen jarraitzen nuen.
Eta hortik kayak surfera igaro zinen?
Atletikon slalomean aritzen dira, eta seniorra zarenean, laguntza gutxiago duzu. Gaztetxoek dute lehentasuna entrenatzera joateko furgonetan, eta helduak sartzen dira lekua geratzen bada. Lanean hasi nintzenean, slalomarekin jarraitzea oso zaila egiten zitzaidan. Bidasoara joan behar izaten genuen, edo bestela, urrutiago, Frantziara edo Kataluniara. Atletikoko batzuk hasi ziren kayak surfen, eta beraiekin hasi nintzen, probatzeagatik. Plastikozko piraguekin hasi ginen, ibaikoak, eta itsasora eramaten genituen. Benetan probatu nuenean zer zen kayak surfa, asko gustatu zitzaidan. 2008an hasi nintzen lehiatzen. Errazagoa da niretzat entrenatzea, itsasoa gertu dudalako. Zurriola ez zait asko gustatzen, gainezka egoten da eta jendea oso berezia da; surflari asko ibiltzen dira eta nahiago dut Hendaiara edo Zarautzera joan. Bestela, bikotekidea lekeitiarra denez, Lekeitiora edo Lagara joaten gara asteburuetan.
Zure kluba ere Bizkaikoa da.
Bai, Dzanga Piraguismo Elkartean bi urte daramatzat. Asteburuetan entrenatzera joaten nintzenez, proposatu zidaten eurekin hastea, eta laguntzen didate behar dudan guztiarekin. Badago gainera kayak surf egiten duen jendea eta haiekin entrenatzen dut. Astean zehar bakarrik entrenatu behar izaten dut eta eskertzen da norbaitekin entrenatu ahal izatea. Gogoa dut han eskola bat sortzeko, amets baten moduan ikusten dut, gaztetxoak has daitezen, kluba berez jende helduarena baita.
Jendea asko harritzen da piraguekin hondartzan ikusten zaituztenean olatuak hartzen?
Orokorrean jendeak ez daki zer den; eta emakume bat piragua batean ikustean, arriskua aurreikusten dute. Gero, ikusten dutenean kontrolatzen dudala, lasaitu egiten dira, baina hasieran askotan esan didate beraiengandik urruntzeko, mina egingo diedalakoan. Niretzat surflariak arriskutsuagoak dira, taulak alde egin dezake, eta ez dauka begirik; ni iraultzen banaiz, piragua nirekin etorriko da.
Bi urteko atsedenaldiaren ostean sekulako lorpena egin berri duzu orain!
Bai. Haurdun geratu nintzen eta 2015ean jaio zen haurra. Niretzako geldialdi garrantzitsua eta gogorra izan da. Haurdunaldi txarra izan nuen, eta, gero, txikiak guztiz aldatzen du zure egunerokoa. Eskerrak familia ondoan dudan laguntzeko, bestela ezinezkoa litzateke uztartzea familia, lana eta kirola. Bikotekidearekin txandakatzen moldatzen naiz, berak ere kirola egiten baitu. Batzuetan elkarrekin joaten gara hondartzara, beraiek itsasertzean geratzen dira hondarretan jolasean, eta bitartean nik ordu eta erdiz entrenatzen dut. Nahi izatea da kontua, eta ongi antolatzea.
Zein helbururekin joan zinen Munduko Txapelketara?
Nire ametsa irabaztea zen. Irabazi ditudan aurreko Munduko Txapelketak piragua luzearekin izan dira; horrek agian bazuen slalomarekin lotura gehiago, eta hobeto moldatzen nintzen. Zailagoa egiten zaio jendeari orokorrean piragua luzearekin ibiltzea, teknikoagoa delako. Adibidez, ez dute gilarik, eta gehiago irristatzen du. Piragua motzek bi gila dituzte, surf taulek bezala. Haurdunalditik bueltan, piragua motzetan bakarrik ibili naiz, eta horrek lagundu dit garaipena lortzen.
Nola bizi izan zenuen lehia?
Hasieran ez nebilen gustura, itsasoa ez zegoen oso erakargarria, olatu handiak zebiltzan, eta gero asko jaitsi zen. Guretzako egokiena izaten da metro eta metro eta erdi inguruko olatuekin ibiltzea. Moldatzen ibili behar ginen zegoen egoerara, tarte txikian egon ziren aldaketekin. Pixkanaka hobeto nenbilen, gero eta gusturago, hobeto paleatzen, zentratuago. Finalean ikusi nintzenean, dena ematera joan nintzen.
Maila nolakoa izan zen?
Emakumeetan mailak nabarmen gora egin du, eta txapelketa Europan izateak emakume gehiago eraman zituen. Aurrekoak Australian eta Ameriketako Estatu Batuetan izan dira. Hegaldiak oso garestiak izaten dira, eta parte hartzen dugun selekzioak txikiak izaten gara.
Talde gisa ere txapeldunak izan zineten, gustura, ezta?
Bai! Euskal selekzioarekin joan ginen. Lehenengo egunean bakarkako sailkatzeak izan ziren, eta bigarren egunean hasi ginen taldekakoekin. Hamar olatu har ditzakezu, eta horietako bi puntuazio altuenak batzen dituzte. Finalera igaro ginen Euskal Herria, Ingalaterra, Irlanda eta Gales, eta bost punturengatik irabazi genion Ingalaterrari. Sari ematea iritsi arte ez genuen jakin zeinek irabazi zuen; aurrekoetan momentuan jakin izan dugu.
Zein erronka gehiago duzu?
Orain bukatu da gure denboraldia, martxotik urrira izaten da, uztaila eta abuztuan ez da aukerarik egoten. Euskal Herri mailan izaten dugu gure liga, lauzpabost probekin, horietako bat, Zurriolan. Muntuko Txapelketa bi urtetik behin izaten da; Perun izango da hurrengoa, eta joateko sekulako gogoa dut. Gainera, udaran izango da, oporretan egongo gara, eta errazagoa izango da antolatzeko.