Amara Berriko bizilagunekin bilera egin du udaletxean Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak, aste honetan; EH Bilduk udal gobernuaren erabakia kritikatu du
Parke bat egingo du udalak Karlos I.aren saihesbidearen azpian. (Irudia: Donostiako Udala)
Udal gobernuak ez du Karlos I.aren hiribideko saihesbidea itxiko legegintzaldi honetan. Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak IRUTXULOKO HITZAri esan dionez, saihesbidearen proiektua ez dago Gipuzkoako Foru Aldundiaren lehentasunen artean. «Hurrengo bi urteetan ezingo da itxi, eta errealistak izan behar dugu. Horregatik, udaletik auzoan hobekuntza batzuk egiteko asmoa dugu», azaldu du Aranak.
EAJ eta PSE-EEren gobernu hitzarmenean konpromisoa hartu zuten bi alderdiek Karlos I.aren hiribidea itxi eta auzoari irtenbide egoki bat emateko. «Konpromisoa eta nahia mantentzen dugu, noski. Baina egungo kondizioekin ezin dugu aurrera egin», azpimarratu du Aranak.
Amara Berriko bizilagunekin bilera egin zuen Aranak udaletxeko udal batzar aretoan, eta Karlos I.rako hobekuntzen berri eman zuen. Batetik, hiribideko errepidean konponketak egingo dituzte. Bideak estutu eta Jose Elosegi alkatea hiribidean bezala, bi norabideak banatzeko espaloi estu bat jarriko dute.
Udalak hiribidean radarra jarri nahiko luke, baina Eusko Jaurlaritzaren baimena behar du horretarako. «Duela ez asko Jaurlaritzako trafiko arduradunarekin hitz egin genuen, eta eskaera luzatu genion. Azkenik, erabakitzen badute ez jartzea, udaletik saiatuko gara baimena lortu eta jartzen», azaldu du Aranak.
Bestetik, Amarako sarbidearen azpian dagoen gunea plaza bihurtuko du udalak, eta parke bat jarriko dute. Aparkalekutik zazpi plaza kenduko dira, ez guztiak. Azkenik, aparkalekuak berriz ere antolatuko dituzte. Gaur egun, hiribidean aparkatzeko bi lerro daude. Udalaren asmoa da errepide nagusiaren alboan dagoen lerroa mantendu, eta etxeen ondoan dagoena kentzea espaloia zabalagoa egiteko.
Kontraesanak eta kritika
Aranak Amara Berriko bizilagunei aurkezturiko proposamenaren harira, Ernesto Gasco PSE-EEko bozeramaileak bere iritzia eman du Twitter sare sozialaren bidez: «Karlos I.aren eta Amara Berriren gaineko proiektu orokor bat defendatzen segitzen du Donostiako PSE-EEk, eta ez da aurkeztu dutena».
Gascok ez du bestelako adierazpenik eskaini nahi izan, eta sare sozialean esandakoak berretsi ditu. «Gure ustez, Karlos I.ari eman beharreko irtenbidea ez du asebetetzen proposamenak».
EH Bilduren udal taldeak udal gobernuak harturiko erabakia kritikatu du. «Donostiarrei egindako iruzur handi baten aurrean gaude», esan du Josu Ruiz zinegotziak. Eneko Goia alkateak azalpenak eman beharko dituela gaineratu du: «Gezurra esan zien herritarrei».
Bileraren deialdia modu «traketsean» egin zela salatu du Ruizek. «Pasa den ostiralean Karlos I.aren hiribideko zenbait ataritan, ez guztietan, bilera deialdia egin zuten gutunen bidez. Baina bilera ez zen auzoan egin, udaletxean baizik». Aranaren arabera, Partaidetza Sailak erabaki zuen bilera udal batzar aretoan egitea, auzoan lekurik libre ez zegoelako. Aurrera begira, auzoan beste bilera bat egitea ez du aurreikusten Mugikortasun zinegotziak.
«Desengainu handia hartu dugu bizilagunok»
Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak bilera bat egin zuen Karlos I.aren etorbideko bizilagunekin, auzoa bitan banatzen duen gune hau berritzeko bigarren fasea azaltzeko. «Desengainu handia hartu dugu bizilagunok», esan du Lierni Lasa Barianterik Ez plataformako kideak. «Jendeak uste zuen saihesbidea kenduko dutela esango zuela Aranak, EAJ eta PSE-EEren gobernu itunean hala jasota zegoelako».
Plataformako kide batzuei aurretik egindako bilera batean argi utzi zieten legealdi honetan ez zutela saihesbidea itxiko. «Halere, uste genuen auzoko gune hau hobetzeko plan hobea aurkeztuko zigula», adierazi du Lasak. «Oraindik zirriborro itxura duela dirudi, dena zehazteko dago, eta gure ustez, eskasa da».
Lasaren arabera, bilera hasi eta berehala esan zuen Aranak, «argi eta garbi», Karlos I.aren hiribidea ez dutela itxiko. «Nik pentsatu nahi dut ez dutela legealdi honetan egingo, hori esan nahi zuela. Hurrengo legealdietan ere ez dutela egingo uste dut. Aurkeztu zizkiguten proposamenak eskasak izan ziren. Politikariek huts egin digute. Hauteskunde kanpainan iragarritakoa eta hitzarmenetan sinatutakoa ez dute bete».
Karlos I.a ixteko proiektuaz baino gehiago, bilera horretan saihesbidearen azpian dagoen gunea –Podavines ingurua– hobetzeko plana izan zuen hizpide Aranak. Hala uste du Lasak: «Aspaldiko aldarrikapena da, auzoko gune kritiko bat delako. Oso degradatua dago inguru hori. Eta guk beti eskatu dugu hau hobetu behar dela. Enpresa bati eskatu omen diote azterketa bat egiteko. Ez dute asko zehaztu, baina espero dugu itxura hobea hartzea».
Bizilagun gutxi joan ziren bilerara, eta Lasak dio ez zela bizilagunek nahi zuten moduan egin: «Bilera auzoan egin nahi genuen, eta bilera joateko gutunak soilik Karlos I.aren etorbideko bizilagunei iritsi zitzaien. Gure ustez auzo guztiari eragiten dio proiektu honek, asko direlako kaltetuak. Eneko Goiak agindu zuen bezala, bilera bat nahi dugu auzoan».
Etsita daudela azpimarratu du Lasak: «Airean geratu da dena, ez dago eperik. Aurkeztu dituzten aldaketak txikiak dira. 2007tik ari gara borrokan radar bat jar dezaten, eta Jaurlaritzari dagokio. Geroztik ez dugu ezer lortu».