Topo igarobidearen kontrako kartela, Zarautz etorbidean. (Argazkia: Malen Aldalur)
90 lagunek parte hartu dute Santorralaiak Antiguako Zarautz etorbidean egindako batzar irekian. Aste honetan dira hastekoak topoaren igarobidea egiteko lanak, eta proiektu horren kontrako erantzuna bultzatu nahi du auzoan Satorralaia herritarren mugimenduak.
Batzarraren ondoren adostu dute ostegunero, Zarautz etorbideko 60. zenbakian bilera irekiak egitea 17:00etan. Astearteetan, berriz, gune informatibo bat jarriko dute leku berean 12:00etan. Horrekin batera, bihar, ekintza informatibo eta alaia egingo dute Matia kalean 12:00etatik aurrera.
Lanak hasi aurretik, hesi batzuk jarri dituzte inguruan. Hainbat bizilagunek hesi horiek kendu egin dituzte, eta salaketa bat jarriko dute hesiak gaizki jarrita daudelako, eta bete beharreko ordenantza errespetatzen ez dutelako.
Elkarretaratzea egin dute batzarraren ostean, eta behin bukatuta, Ertzaintza ustez elkarretaratzean parte hartu duen pertsona bat identifikatzen saiatu da. Ordea, pertsona horrek uko egin dio identifikatua izateari.
Bestalde, aste honetan Satorralaiak salatu du Eneko Goia alkateak ezezkoa eman diola topoaren igarobidea eta Donostiako garraio publikoaren inguruko eztabaida irekitzeko eskaerari. Osoigo.com plataforma digitalaren bidez egin diote galdera, eta Goiak ezezkoa eman duela esan du Satorralaiak.