Aitortza eta elkartasuna
‘Zure egia gurea eginez’ lelopean hartuko dituzte bihar kaleak Donostiako asanblada feministak deitutako manifestazioarekin. Indarkeria matxista «guztion arazo bat» dela aldarrikatu nahi dute.
Nik sinisten dizut. Horixe da azken asteetan han eta hemen entzuten eta irakurtzen den esaldia; eta antzeko mezu bati helduz beteko dituzte kaleak bihar Zure egia geurea eginez lelopean, Donostiako Asanblada Feministak 19:00etarako deitutako manifestazioarekin.
Kezkatzeko moduko datuekin harrapatuko du hiria Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunak: Donostian, 2016an %9,3 egin zuten gora sexu askatasunaren aurkako delituek eta Eusko Jaurlaritzako datuen arabera, 2017an bikoiztu egin dira datu horiek.
Hiriko eragile feministak “haserre eta kezkatuta” daude. Izan ere, azaldu dute datuak kezkagarriak diren modu berean, emakumeen hitza “etengabe” zalantzan jartzea ere “onartezina” dela. Uste dute “auzitegiek, poliziek, hedabideek, baita inguru hurbilenak ere”, erasotzaileak “babesten” dituztela biktimaren egia zalantzan jarriz: “Emakumeen hitza eta egia etengabe zalantzan jartzea ez da gauza berria jendarte patriarkalean. Indarkeria matxista justifikatzeko emakumeok probokatzen dugula esaten digute matxistek, eta beraiek biktima moduan kokatzen dira”, azaldu du Txurrus Donostiako Asanblada Feministako kideak. Horrek, arreta behar den lekuan jartzea eragozten duela dio: “Eztabaida desbideratu egiten da, eta erasoez hitz gin beharrean, emakume horren bizitzaz hitz egiten amaitzen dugu”. Ikerketen arabera, indarkeria matxista kasuen salaketa faltsuen kopurua %0,1era ere ez dela iristen nabarmendu du Irati Gonzalez Euskal Herriko Bilgune Feministako kideak: “Beti jartzen da zalantzan gure hitza eta are okerragoa dena, erruduntzat jotzen gaituzten diskurtsoak ere oso zabalduta daude”.
Euren hitza zalantzan jarri dutela sumatu dute Tximeletaren R-eboluzioa taldeko neskek ere. Gizonezko bat kaleratu zuten uztailean Sortutik eta Donostiako Piraten mugimendutik. Argudiatu zutenez, gertaeren arrazoia izan zen gizon hark engainatu egin zituela hainbat emakume eta sexu erasoak jaso zituztela. Hilabeteak igaro dira lehen salaketak azaleratu zirenetik, eta, orain, emakume talde bat elkartu eta saretu egin da egoerari aurre egiteko.
“Ez zen hainbesterako izango”, “esajeratzen ari dira”, “gure modukoek ez lukete sekula egingo”, eta antzeko esaldiak entzun behar izan dituztela salatu dute. Aitortu dute oharra eta erasotzailearen esaldiak biltzen zituen kartela argitaratzerakoan ere beldurra eduki zutela: “Gizarte gaixo honetan ez da erraza horrelako kasuak plazaratzea”. Dena den, indartsu daude: “Talde polita elkartu gara eta jada ez dugu beldurrik. Ausart gaude”.
Neska hauek egin duten moduan egoera horiei aurre egiteko modurik onena saretzea dela uste du Gonzalezek: “Ikusten ari gara gero eta ahots gehiago garela honi muga jarri nahi diogunak, gero eta batuago gaude eta gero eta antolatuago”. Aurre egiteko modu bakarra “lanean eta saretzen jarraitzea, elkartzea, elkar entzutea, sinistea eta babestea” dela uste du Gonzalezek. Antiguako Txitxibitxiak talde feministako kideek ere uste dute egoerari buelta emateko gakoa elkartasuna dela: “Denok elkartuta eta gure haserrea erakutsiz gauza asko aldatu ditzakegu”. Izan ere, Izar Hernando, Ernai gazte antolakundeko kideak uste du irtenbidea emakumeen esku dagoela: “Gure arteko sareak josteak eta indartzeak lehentasuna dute erasorik gabeko espazio seguruetan militatu nahi badugu”.
Elkartu eta saretu. Horixe da hain zuzen ere Tximeletaren R-eboluzioa taldea sortu duten neskek egin dutena. Azaldu dute jasandako erasoak antzekoak izanagatik, bakoitzak bere modura bizi dituela: “Erasotuak izan diren pertsona batzuk ez dute jakin eraso bat jasan dutenik guzti hau lehertu den arte; beste batzuk ezkutuan gorde nahi izan dute, lotsagatik edo erruduntasun sentimenduagatik”.
“Bakarra nintzela uste nuen”, da gehienek esan duten esaldia. Baina dagoeneko 50 emakumetik gora dira: “Shock momentua pasata, erasoari erantzun bat emateko beharra sentitu genuen, biktima izateari utzi eta ahalduntzeko gogoa genuen”. Horrela, pixkanaka pare bat neska elkartu eta babes bila hasi zirela azaldu dute: “Saretzen hasi ginen. Asko gara eta egoera oso goxo eta bereziak bizi ditugu elkarrekin; baina gogorrak ere bai. Hala ere, askok behar genuen testuingurua osatzea lortu dugu. Aurrera goaz”.
Salaketa kanpaina
Bizi izan zituzten erasoak gizarteratu, sentsibilizatu eta fokua erasoa jasan duenarengan jarri nahi dute, besteak beste, Tximeletaren R-eboluzioa taldeko neskek; eta, horretarako, mundu mailako #metoo [#guerebai] kanpainarekin bat egin dute. Asko izan dira kanpaina honen bitartez jasandako erasoak salatu dituzten emakumeak, gehienak sare sozialen bitartez. “#metoo kanpaina abian jarri baino lehenago hasiak ginen jada mugitzen eta gertatutakoa gizarteratzeko gogoekin. Benetako elkarrizketak jarri nahi genituen mahai gainean, jendeak benetan jakin behar zuen zer zen gertatu zena”. Azaldu dute orain dela gutxi jasandako erasoak biltzen dituen kartelari bueltak ematen ari zirela, Harvey Weinstein zinemagilearen kasua atera zela argitara: “Pixkanaka mundu guztian zehar zabaltzen joan zen kasua eta erasoak jasandako edozein emakumek kanpaina baliatuz bere kasua salatzeari ekin zion”. Kanpainak izandako oihartzuna erabili nahi dute beraien kasua gizarteratzeko.
Txitxibitxien ustez egitasmo oso beharrezkoa izan da #metoo kanpaina: “Halako eraso matxistei erantzutea da borroka feministaren eginkizunetako bat, baina batez ere, kolektiboki egitea da beharrezkoa”. Gonzalezek ere, kanpainaren garrantzia azpimarratu du: “Sinergia handi bat ematen ari da Euskal Herritik harago doana, elkarren egiaren aitortzan eta emakumeon aurkako indarkeriak ikusarazi eta salatzeko ausardia erakusten duena”. Eta azaldu du egitasmo honi lotuta ausardia dela, hain zuzen ere, nabarmenduko lukeeena: “Nik Sinisten Dizut Foro Sozialeko genero lantaldeak egindako egitasmoa edo R-eboluzioa taldea sortu duten neskek egindakoa deskribatzeko hitz bakarra daukat: Ausardia”. Uste du “patriarkatua gainezka egiten” ari dela: “Jada ez gara hedabideetan erakusten diguten subjektu zaurgarri eta ahul hori; elkarri begiratu diogu begietara eta elkarri aitortu diogu bakoitzaren mina”.
Botere harremanak
Ildo beretik hitz egin du Txurrusek: “Ez da emakume konkretu baten arazoa, denon arazoa da”. Dena den, galdera bat bota du airera: “Geroz eta emakume gehiagok sufritu dugun indarkeria ikusarazten badugu, non daude erasotzaile hauek guztiak? Erasotzaileak ere ikusaraztea ezinbestekoa da”.
Botere harremanak indarkeria matxistaren “oinarria eta sorburua” direla uste dute. “Indarkeria botere harreman baten barruan ematen da; jendarte matxista batek indarkeria matxista bat sustatu eta sortzen du”, azaldu du Donostiako Asanblada Feministako kideak. Ados dago Gonzalez ere, eta horri aurre egiteko uste du beharrezkoa dela egoerak hautematea, ondoren, “haginkada sartzeko”: “Beharrezkoa da berauei erreparatzea eta honetarako ere ausardia behar da”. Horren harira, honela gehitu dute Txitxibitxiek: “Botere harreman horiek hautemateko hausnarketa eta lanketa behar da, eta antzemateko errazak diren bidegabekerien aurrean isilik ez geratzea garrantzitsua da”.
Ez da beti erraza izaten botere harremanez ohartzea, eta are gehiago botere harreman horiek aldatzeko urratsak egitea. Hala uste dute Donostiako Piratek. Azaldu dute beraien mugimenduan botere harreman egoera batengatik hainbat neska erasotu dituela gizonezko batek, eta gertutik ezagutzen dutela arazoa: “R-eboluzioa taldeko neskei eraso egin dien pertsona berak bete beharreko ardurez baliatu da min egiteko”. Azaldu dute berriro ez errepikatzeko hainbat neurri hartzea garrantzitsua dela: “Ardurak jende gehiagoren artean banatu eta pertsona bakarraren gehiegizko presentzia edo bileretan eragiteko gaitasuna neurtu, esaterako”. Bestalde, mugimendu barruan gertatutako erasoak salatzeko lanketa egin dute Piratek: “Erasoen eta botere harremanen inguruko bi lantalde sortu edo indartu dira”. Lan talde batean, erasoak jasandakoan zein protokolo aktibatu behar den pentsatzen ari direla azaldu dute; eta bestean, aldiz, egoeraren azterketa eta analisia sustatuko dituzte: “Esaterako, nola iritsi garen pertsona bakar batek hainbesteko boterea izatera mugimendu barruan, eta nola hartu aurrea horrelako egoerei”.
Piraten arrazoi berarengatik kaleratu zuen Sortuk ere gizonezko berbera. “Inguruan eta militantzia eremuetan jasaten ditugun erasoen – publiko izatera iristen direnenak behintzat– erroaz husnartzera eraman behar gaituzte. Izan ere, ezin ditugu erasoak modu isolatuan ulertu, sistema oso baten sintoma gisa baizik”, azaldu du Hernandok.
Askotariko erasoak
Botere harremanek hainbat indarkeria mota “ezkutatu” egiten dituztela uste du Gonzalezek, baina azpimarratu du botere harremanak eta antolaketa ereduak aldatu daitezkeen zerbait direla.
Erraiak azalera izan da Euskal Herriko Bilgune Feministak azaroaren 25aren harira atera duen leloa. Horrekin, botere harremanek sortzen dituzten askotariko indarkeriak ikusarazi nahi izan dituzte: “Beharra ikusten genuen kale erasoen iruditegia atera eta erasoak eremu pribatuan ere identifikatzeko”. Uste du egiteko asko dagoen arren, eremu publikoan lan handia egin dela, baina gutxiago eremu intimoan: “Familian, etxean, lagun artean, inguru hurbilean… ikusten ez den hori azalera ateratzeko beharra nabaritu dugu”. Bat dator horretan Hernando: “Publiko egiten diren eraso horien guztien muturrekoenak diren kasuak dira, baina harrremantzeko eta funtzionatzeko modu oso baten ondorio dira; eta guzti horretan botere harremanek berebiziko garrantzia dute”.
Gonzalezek nabarmendu du “bizirauteko zapalkuntza behar duen sistema batean” bizi garela: “Zapalduok egoerari buelta ematen badiogu, nork egingo ditu orain arte guk doan egin ditugun zaintza lan horiek, trukean dirurik ez bada? Nork onartzen ditu lan baldintza txarrak lanean? Nor arduratuko da orain arte gu arduratu garen guztiaz?”.
Elkarri sinesteko, elkar babesteko eta sareak sortzeko ordua dela uste dute. “Bada garaia diskurtso politikoki zuzenetik harago joateko. Ordua da emakumeoi gure hitza sinesteko, zilegitasun guztia emateko, eta, nola ez, indarkeriaren fokua erasotzailearengan eta indarkeria ahalbidetzen eta justifikatzen duten horiengan jartzeko”, azaldu Donostiako Asanblada Feministako kideak. Hernandok gaineratu du emakumeek elkarri sinestu eta lagundu behar diotela: “Horixe da bihar Donostian aldarrikatuko duguna”