(Egilea: Uxue Bereziartua)
Bortxa. Erasoa. Indarkeria. Jazarpena. Boterea. Azaroaren 25a da bihar. Urtero legez komunikabideek gogoraraziko dizkigute aurtengo eta lehengo urteetako zifrak. Numero bihurtuko dituzte bortxa, erasoa, indarkeria, jazarpena, boterea. Urteko gainerako albisteetan “ustezkoa” erasotua eta ez erasotzailea bihurtzen aritu diren arren, txutxumutxuak albiste bihurtu dituzten arren, erasoen kronika makabroak egin dituzten arren bihar denak izango dira datuak, erasotuen testigantzak, mobilizazioak.
Eta etzi jarraituko dute txutxumutxuekin, morboarekin eta, nola ez, indarkeria matxista kasuak modu isolatuan jorratzen. Berriro entzungo ditugu mundua “erotua” dagoela dioten iruzkinak, hainbeste “burugabe” nola egon litekeen behin eta berriro galdetzen dutenenak, “zein gaixotasun du horrelako zerbait egiteko gai denak?” eta antzekoak botatzen dituztenak. Eta ez da harritzekoa, behin eta berriro entzun ditugu-eta “pertsona normala zirudien”, “bizilagun moduan ez zuen arazorik ematen”, “nik berarekin hitz egiten nuen eta ez zuen ezer arrarorik esaten”, dioten erasotzaileen inguruko inpresio, uste eta bestelakoak.
Aurten ere fokua jarriko dute berriro izebergaren puntan: “Halakok (senarrak, bikoteak, aitak, lagunak, ezezagunak) halakogatik (jelosia, drogak, estresa, egoera ekonomiko txarra) erail du, bortxatu du, jazarri du emakumea. Beti nork, nori eta zergatik batekin. Ahaztuz muina, ahaztuz azpia, ahaztuz oinarria.
Ez dugu tarterik hartuko gogoratzeko etxera joatean beldurra pasa genuen azken aldiaz; gizonezko bat atzetik genuela pausua azkartu genuen egun hartaz; hiru aldiz ezetz esan ostean ipurdia ukitzera ausartu zen lagunaz; nahi ez arren bikotekidearekin larrutan amaitu genuen gauaz; anaiari ez moduan aitak etxera iristean abisatzeko agindu zigun uneaz. Eta zuek ere ez duzue tarterik hartuko gogoratzeko kuadrillakoaren komentario matxistari erantzun ez zenioten parrandaz; mozkortuta egotearen aitzakian neska ezezagunari bota zenioten deiadarraz; neska lagunari etxeko lanetan lagunduko (bere egitekoa soilik balitz bezala) zeniotela esan zenioten arratsaldeaz; semea ez moduan alaba etxeko lanetan jarri zenuen urteaz. Eta, hauek ere, gogoratu beharko genituzke indarkeria matxistaz hitz egitean. Euskal Herriko Bilgune feministak argitaratutako oharrak dioen moduan atera beharko genituzke gure erraiak mahaira.
Iritzi publikoa eta komunikabideak inoiz baino ustelduago daudenean dator aurten azaroaren 25a. Baina saretuta gaude, indartuta gaude, ahaldunduta gaude. Asko dira, baina gu ere asko gara, gehiago gara. Zure egia gure eginez, zuen egia gure eginez, geure egia geure eginez. Erraietatik eta erraietara.