Larratxoko plazan egin dute Altzako bigarren txanda aldaketa
Altza Hadi 21 egun euskaraz jarduera azken txanpan sartu da; abenduaren 2an egingo dute amaiera ekitaldia.
Intxaurrondon bezala, azken txanpan sartu da Altza Hadi 21 egun euskaraz erronka. Aurreko ostiralean, bigarren txanda aldaketa egin zuten, Larratxoko plazan. “Ekimena ikusarazteko asmoz, txanda aldaketak eta ekitaldi guztiak kalean egiten ari gara”, nabarmendu dute antolatzaileek.
Bigarren txanda aldaketan, egitasmoaren garapena izan zuten hizpide, testigantzak jaso zituzten eta dantzaz eta musikaz gozatzeko tartea ere izan zuten. Hirugarren txanda jada martxan da; orain, Larratxo eta Herrerako ahobiziak eta belarriprestak ari dira hizkuntza ohituretan eragiten.
Amaiera ekitaldia abenduaren 2an egingo dute, Euskararen Egunaren atarian. Egun osoko egitaraua prestatu dute: 11:00etan, Potxin Patxin pailazoak, 12:30ean, Uxue Alberdiren irakurketa publikoa; 13:00etan, ekitaldi nagusia; eta, 21:00etan, AltzataROCK jaialdia, Mice, Pelax eta Sermond’s taldeekin.