"Erronka hasi besterik ez da egin; jarrai dezagun"
Baietz 20 egun euskaraz Intxaurrondon jardueraren amaiera festa egin dute; antolatzaile eta parte hartzaileak pozik daude lortutakoarekin.
Parte hartzaile batzuen iritziak eta balorazioa jaso zuen IRUTXULOKO HITZAk aurreko ostiralean.
Hemen Plazara Goaz elkarteak bildutako argazkiak:
20 egun ondoren, Intxaurrondoko ahobizi eta belarriprestek amaiera festa egin dute. Hiru txandetako partaide eta antolatzaileak biltzeko modu bat izan da, eta pozik ospatu dute lortutakoa. Izan ere, helburu gisa jarri zuten 250 ahobizi eta 500 belarriprest biltzea; baina, gogotik gainditu dute xedea, 400 ahobizi eta 570 belarriprest baino gehiagok hartu baitute parte. Gainera, auzoko 65 saltokitik gora ere animatu dira erronkara.
Hori guztia ospatzeko, ostiralean, hirugarren txandako ahobiziek euren bizipenen berri eman zuten Bernart Etxepare plazan, eta, ondoren, gaztain erreketa eta musika egon ziren. Larunbatea, berriz, ahobizi eta belarriprest guztiak elkartuta, erronkari bukaera eman zioten, Intxaurrondo kultur etxean. Ekitaldia, bideoa, brindisa eta herri bazkaria egin ostean, musika eta dantza ez zen falta izan. Esperientzia eta bizipenak jasotzeko, bizipenen tenderetea osatu zuten, eta paper banatan bakoitzak erronkan zehar bizitako sentimendu bat, oroitzapen bat, marrazki bat… idatzi edo marraztu zuen.
Horretaz gain, Intxaurrondo Ikastolari eta Plazara Goaz euskara elkarteari omenaldia egin zieten, 2018an ikastolak 50 urte betetzen dituelako eta Plazara Goaz elkarteak, berriz, 20 urte. Hori horrela, mugimendu horien sorreran lanean ibilitakoei eskerrak eman zitzaizkien, “izan zirelako garelako orain garena”.
Antolakuntzakoek nabarmendu dute lanean aritzeko elkartu den jende mordoa; euskaraz gutxi jakin arren, dakiten hori praktikatzeko irrikitan ezagutu dituzten belarriprestak; eta hartu dituzten ezustekoak. “Beti gazteleraz jarduten dugun saltoki batzuetan euskaraz ulertzen dutela eta belarriprest izateko gogotsu daudela ikusi dugu”.