Amaia Martin eta Loic Alejandro dira Irabazi Donostiako zinegotziak. (Argazkia: I. Esnaola)
Irabazi Donostiako zinegotziak hiriko auzoetara hurbildu dira bizilagunen kezkak eta eskaerak jasotzeko. Politikarien kaleko lana azpimarratu nahi dute.
Harremana etengabe mantendu behar da herritarrekin eta auzo elkarteekin», dio Amaia Martin?Irabazi Donostiako zinegotziak. Legegintzaldia hasi zenetik hiriko auzo desberdinak bisitatu dituzte, auzotarren iritziak eta proposamenak jasotzeko.
Politikariak herritarrengandik hurbilago egon behar dutela pentsatzen du Irabazik. Hori dela eta, Loic Alejandro eta Martinek dinamika berezia jarri zuten abian, auzotarren beharrak, bertatik bertara, ezagutu eta jasotzeko. «Auzo elkarteekin etengabe gaude harremanetan. Ordea, herritar asko daude elkarte batean ez daudenak. Horiei begira abiatu genuen egitasmoa», azaldu du Martinek.
Kalera irten eta auzotarrekin hitz egitea ez da ariketa berritzailea. Ordea, politikagintzak izan duen garapenaren eraginez erakundeen eta herritarren arteko distantzia handitu egin dela uste du Martinek. «Ez dugu ezer asmatu, baina beharrezkoa da herritarrekin aurrez aurre hitz egitea».
Esperientzia «oso ona» izaten ari dela dio?Irabaziko zinegotziak, eta saiakerak merezi duela azpimarratu du. «Jasotzen ditugun eskaerak landu eta hausnartzen ditugu. Horietako batzuk batzordeetara eramaten ditugu, eta beste batzuk, mozio bidez aurkezten ditugu udalbatzarrean». Ondoren, auzoetara itzuli eta herritarren eskaerek izan duten erantzunaren berri ematen diete.
Herritarren profila
Pertsona helduak dira Irabaziren egitasmora gehien hurbiltzen diren herritarrak. «50 urte ingurukoak eta hortik gorakoak dira, eta eskaera logikoak egiten dizkigute», dio Martinek. Esaterako, bisitatu dituzten auzo askotan bizikleta elektrikoen inguruan galdegin diete. «Hiriko auzo aldapatsuetarako dago pentsatua zerbitzua, eta auzo horietan eskaria dagoela ikusi dugu. Altza, Intxaurrondo, Egia eta Bidebietan izan ginenean argi geratu zitzaigun».
Irabazi prest dago herritar ororen eskaerak entzun eta jasotzeko. Nolanahi ere, harrituta daude maiz gertatu zaien egoera batekin. «Auzo batera joan eta dagoeneko batzordeetara eraman dugun eskaera bat jasotzeak, agerian uzten du gure lana ez dela bizilagunengana iristen», esan du Martinek.
Informazioa ez da auzotarrengana iristen, eta gainera, «haustura digitala» dagoela uste du Irabaziko zinegotziak. «Herritar askok ez dituzte erabiltzen sare sozialak, aplikazioak, Interneta eta bestelako komunikaziorako tresnak». Hiriko aktualitatearen berri telebistaren bidez izaten dutela uste du Martinek.
Herritarren Pertzepzioaren azken inkestak agerian utzi du udala urrun sentitzen dutela auzotar askok. Gainera, horietatik kopuru garrantzitsu batek ez du interesik hiriko politikan parte hartzeko. «Ulergarria da denok familia, lana eta bestelako gauzak ditugula. Horri gehitzen badiogu politikariekiko dagoen mesfidantza, normala da distantzia egotea», dio Martinek.
Ezkutuko lana
Irabazi Donostia da zinegotzi gutxien dituen udal taldea. Presentzia nabaria izaten dute batzordeetan eta hilero egiten den udalbatzarrean. Dena dela, egunerokoan egiten duten lana komunikatzeko zailtasunak dituztela uste du Martinek: «Komunikazio defizit ikaragarria dugu; ez da gure egitasmoen berri ematen».
Auzoz auzo abiatu zuten dinamikari ez diote oihartzunik eman, dagokien lana egiten ari direla uste dutelako. «Erakundeetan gaude herritarren bozgorailu izateko, eta politika egiteko beste modu bat ulertzen dugulako», azaldu du Martinek. Udal teknikarien lana nabarmentzearekin batera, udaleko alderdien lana herritarrei entzun eta erantzutea dela uste du.
Egungo udal gobernuarekin ez daude konforme, eta udalbatzarretan kontrolerako mozio asko aurkezten dituzte. Martinen ustez, herritarrekin ez dira lanketa ona egiten ari: «Pasa den legegintzaldiarekin alderatuta, atzerapauso nabarmena egon da. Aurrekontu parte hartzaileak ez dira egin. Soilik partaidetza prozesuak abiatu dituzte gobernuko bi alderdiak ados ez daudenean gai jakinen inguruan».
Udal gobernuko bi alderdiek «harrokeriaz» jokatzen dutela salatu du Irabaziko zinegotziak. «Gizajo batzuk garela uste dute, iritsi berriak garela eta kudeaketarako gaitasunik ez dugula». Ordea, kudeatu baino «propaganda» gehiago egiten dutela gaineratu du. «Bi urtean 240.000 euro gastatuko ditu udalak Goazen Donostia kanpainarekin. Aldiz, Astiñeneko zubiaren egoera kontrolatzeko baliabiderik ez zegoela esan zien alkateak bizila