Xila Pihlström eta Mika Marenk. (Argazkia: Malen Aldalur)
Finlandiarrak dira Xila Pihlström eta Mika Marenk, baina aise moldatzen dira euskaraz. Finlandiaren independentziaren 100. urteurrenean hainbat jarduera antolatu dituzte.
Noiztik bizi zarete Euskal Herrian?
Xila Pihlström (X.P.): Ni orain dela 24 urte etorri nintzen Donostiara. Etxe okupatuetan bizitzen ibili nintzen Europan zehar eta, azkenik, Euskal Herrira etorri nintzen beste hiru lagunekin batera Euskal Herriko Unibertsitate Publikoan (EHU) gaztelania ikastera. Garai horietan Martuteneko etxe okupatu batean bizi nintzen; gaur egun, Egian.
Mika Marenk (M.M.): Ni orain dela 17 urte etorri nintzen. Europan zehar bidaiatzen ibili nintzen ni ere. Lagun batzuk nituen Nafarroan eta bertara joan nintzen komunitatean bizitzera. Espainiako Estatuan bidaiatzen jarraitzea zen asmoa, baina azkenean Euskal Herrian geratu nintzen. Orain Lasarten bizi naiz.
Euskaraz egiten ikasi duzue biek. Zergatik?
X.P.: Nik oso era naturalean egin nuen. Aurretik aipatu moduan, gaztelania ikasten hasi nintzen EHUko ikastaro batean eta bertan euskara ikasteko aukera zegoen, hasiberrien mailan. Han hasi nintzen, eta gero, euskaltegietan eta barnetegietan jarraitu nuen. Gaur egun EGA daukat. Dena den, euskara hemengo hizkuntza izanik nola ez nuen ikasiko? Badakit jendeak ez duela beharrik sentitzen, baina niretzat oso garrantzitsua zen euskaraz jakitea.
M.M.: Ni ere antzera. Gaztelaniaz eta euskaraz ikasten batera hasi nintzen. Nire hemengo lagunek euskaraz egiten zuten, eta beharrezkoa iruditu zitzaidan nik ere ikastea.
Askotan esaten da euskara zaila dela ikasteko. Zer uste duzue?
M.M.: Ez dut uste guretzat bereziki zaila izan denik, ez gaztelania baino zailagoa behintzat. Izan ere, finlandiera ez da hizkuntza indoeuropar bat,eta, beraz, guretzako bi hizkuntzek zailtasun antzekoa dute.
X.P.: Hori da. Finlandiera oso hizkuntza berezia eta txikia da. Gramatikalki ere berezitasun handiak ditu, euskararen antzera.
Suomitar elkartea sortu zenuten. Zergatik?
M.M.: Euskaldunok eta finlandiarrok osatzen dugu Suomitar kultur elkartea. Hasieran Gabon txikiak ospatzeko elkartzen ginen, eta gerora, sortu genuen elkartea.
X.P.: Gutako batzuok euskara ikasten ari ginen, eta polita iruditu zitzaigun hiztegi bat egitea. Hori dela eta, hiztegiaren aitzakia baliatu genuen elkartea sortzeko.
Zer dira Gabon txikiak?
M.M.: Gabonak normalean familian ospatzen dira eta Gabon txikiek egun hauek lagunekin, lankideekin edo kiroldegiko lagunekin ospatzeko aukera eskaintzen dute.
X.P.: Abenduan ospatzen ditugu Gabon txikiak eta normalean bazkariak eta afariak egiteaz gain saunara joaten gara. Finlandian oso ohikoa da hori.
Aurten 100 urte bete dira Finlandia independizatu zela.
X.P.: Finlandia nazio gaztea da, 100 urte soilik bete ditu. Errusiako iraultzarekin batera independizatu zen. Finlandia Errusiaren autonomia bat zen, baina iraultza hasi zenean egoera baliatu eta askatasuna lortu zuen. 1917ko abenduaren 6an aldarrikatu zuten independentzia.
M.M.: Nazio, hizkuntz eta kultur identitatea indarra hartzen hasi ziren, eta horren ondorioz lortu zen independentzia. Finlandia nazio gaztea bada ere, Europako estatu demokratiko askok baino urte gehiago ditu, Espainiak baino gehiago, kasurako.
Erakusketa bat antolatu duzue urteurrena ospatzeko.
X.P.: Bai, eta jarduera gehiago ere egin ditugu. Herenegun, independentzia aldarrikatu zen egunarekin bat eginez, bazkari bat egin genuen Tabakaleran, 60 lagun inguru bildu ginen. Erakusketa Loiolako kultur etxean ireki dugu. Bertan, besteak beste, informazio panelak eta Xabier Beloki eta Pilar Palaciosek Finlandiara egindako bidaietan egindako argazkiak egongo dira ikusgai.
M.M.: Panel informatibo horietan Finlandiaren historia, hizkuntza, hezkuntza eta kulturaren inguruko informazioa aurkituko dute, baita bertako gauza tipikoak eta bideotxo batzuk ere. Gainera, liburu bat egongo da nahi duen orok idatzi dezan. Hau oso ohikoa izaten da Finlandian.
Nola animatuko zenukete jendea?
M.M.: Finlandiaren gaineko mito asko daude, eta horiek egiaztatzeko edo gezurtatzeko aukera izan daiteke; ea zenbat hotz egiten duen edo ea argi gutxi dagoen, adibidez.