Denboraldi hasiera oso gogorra izan ostean, badirudi egoerari buelta ematen ari dela Realeko emakumeen futbol taldea; gogotsu daude jokalariak aurrera begira, beheko postuetatik aldentzeko asmoz.
Nahikari Garcia; Realeko jokalaria.
(Argazkia: Estitxu Zabala)
Realak Zaragozari 6-2 irabazi zion joan den larunbatean Zubietan, eta horietako bost gol izan ziren Nahikari Garciarenak (Urnieta, 1997). Hogei urte besterik ez dituen arren, bosgarren denboraldia du klubean, eta Espainiako selekzioarekin jokatu izan du. Igandean Huelvako Sporting izango dute aurkari.
Zaragozaren aurkako partida eta gero pozik hasiko zenuten astea, ezta?
Bai, astelehena pozgarria izan zen. Behar genuen halako zerbait konfiantza lortzeko. Egun biribila izan zen, maila ona eman genuen eta garrantzitsua zen segurtasun hori sentitzea. Hala ere, hurrengo partidetan jarri genuen jada burua.
Pertsonalki nola bizi izan zenuen?
Oso pozik. Halako partidetan edozer eginda golak sartzen dira, pertsonalki ongi etorri zitzaidan konfiantza lortzeko. Aurrelariok hortaz bizi gara, golak sartzeaz, eta halako erraztasuna edukitzea partida batean golak sartzeko garrantzitsua da. Horrek esan nahi du lanean ongi ari zarela eta gehienbat taldearentzat ona dela.
Aldaketa iritsi zaizuela dirudi…
Bai. Azkenean lanak bere fruituak ematen ditu, eta uste dut aurtengoak momentu honetan eman dituela. Lanean ongi ari ginen aspalditik, eta momentua iritsi da. Badakigu hurrengo partidak garrantzitsuak izango direla, ez dugulako behean egon nahi. Aurrera begiratu nahi dugu, ongi jokatu behar dugu eta, batez ere, partidak irabazi.
Lehenengo zazpi jardunaldietan ez zenuten punturik lortu eta Juanjo Arregi entrenatzailea bota zuten. Nola bizi izan duzue egoera?
Gehienontzat egoera berri bat izan zen. Gaizki hasi ginen, entrenatzaile aldaketa egongo zela esan ziguten, Gorka Alvarezekin ere bizi izan genituen aste batzuk, zer gertatuko zen jakin gabe. Askotan esan dut ongi egingo digula bizitako guztiak, hazteko eta ikasteko. Seguraski aurrerantzean iritsiko diren momentu onak horri eskertu beharko dizkiogu.
Zerk huts egin dizue orain arte? Zorte txarretik ere izan du egoerak?
Denetik izan dugu pixka bat. Dinamika txar batean sartzen zarenean, gero eta gehiago kostatzen da hortik ateratzea eta burua altxatzea. Gauza askoren batura izan zen. Gure aldetik akats handia izan zen, baina orain beste egoera batean gaude.
Aldaketak beti onerako izaten direla diote. Gonzalo Arkonada egokitu egin beharko da emakumeen futbolera. Nola ikusten duzu?
Denok ohitu behar dugu, bera guri eta gu berari. Berarentzat egoera berria da, baina uste dut taldeak ongi erantzun duela. Berak eskatzen duena ematen saiatzen ari gara, eta bere aldetik ere lan handia jasotzen dugu. Momentuz ongi goaz eta espero dugu denboraldian ere horrela jarraitzea.
Edonola, talde gaztea duzue. Zein abantaila eta zein ahultasun ematen dizkizue adinak?
Bai, talde gaztea da, baina gehienok urte asko daramatzagu lehenengo mailan. Ez da inor berririk etorri ez duena lehenengo mailan jokatu, eta garrantzitsua da esperientzia izatea. Talde orekatua egin behar dugu eta denon artean egin behar dugu aurrera. Bizitako egoerarekin hazi egin gara bai pertsonalki eta bai talde gisa.
Zer duzue buruan aurrera begira?
Oraindik ez dugu ezer berezirik. Zulotik ateratzen jarraitu behar dugu. Badakigu pausoz pauso joan behar dugula, pixkanaka aurrera eginez. Horrek lan asko dakar atzetik, eta horretan jarraituko dugu, postuak igotzeko. Badakigu oraingoan ez dela Realaren lekua, eta goiko postuetatik ahalik eta gertuen egon nahi dugu.
Aurkariak nola ikusten dituzu?
Uste dut orokorrean maila igo dutela. Albaceten eta Espanyolen, esaterako, iaz lan handia izan zuten maila mantentzeko, eta, aurten, aldiz, taularen erdialdean dabiltza. Taldeak ongi indartu dira. Bartzelona beste maila batean dabil, baina gainontzean nahiko partida parekatuak ikusten ari gara eta horrek esan nahi du liga gero eta erakargarriagoa dela.
Realera iritsi zinenetik ere nabarituko zenuen ligaren gorakada.
Bai, goruntz joan gara, erabat. Iritsi nintzenean telebistan ez zituzten partidak ematen; orain, gero eta gehiago dira. Daukagun oihartzuna handitzen ari da. Emakume futbolariok eredu izaten hasi gara eta lan hori egiten jarraitu behar dugu. Zubietara, adibidez, gero eta neska gehiago etortzen dira partidak ikustera, eta ezagutzen gaituzte.
Badago harrobia Gipuzkoan?
Bai, Gipuzkoako harrobia beti izan da ona. Talde indartsuak ditugu;?Oiartzun eta Añorga historikoak dira eta jokalari onak ematen dizkiote Realari. Orain gainera dinamika berean sartuko gara denok eta lehenengo mailarako jauzia errazagoa izango da. Espero dugu gero eta neska gehiago iristea eta Reala handiagoa egitea.
Zaleak gainean dituzue?
Bai. Momentu onetan eta txarretan beti esaten digute zerbait kaletik, animatzeko edo zoriontzeko, eta oso garrantzitsua da guretzat.
Zuk oso ibilbide oparoa duzu jada. Nola ikusten duzu zure burua une honetan?
Ongi, lasai. Dena natural hartzen dut. Taldeari beti ahal dudan moduan laguntzen saiatzen naiz eta pozik nago. Espero dut gero eta hobea izatea nire ibilbidea. Badakit oraindik asko dudala ikasteko, eta nire intentzioa hobetzea da eta helburu handiagoak lortzea.