"Uste dut kontzienteago naizela egiten dudanaz, bere alde on eta txarrekin"
Elkarrizketa egin diote Berrian eta han esandako hainbat kontu jaso ditugu.
“Oholtzara igo eta gai bat entzundakoan, gure lehen erreakzioa beldurra edo kezka izaten da: Ea nola ateratzen naizen ni hemendik. Umetatik, beldur horri kapak jartzen ikasten duzu bertso eskolan, momentu horietan ateratzen asmatzeko”, azaldu du Gaztelumendik. Horregatik, aurten kapa horiek kendu nahi dituela dio, baina nola egiten da hori?: “Oholtzan zaudenean momentu horretan eta leku horretan egonez. Zerk sortzen dizu beldurra? Zure itxaropenek, ingurukoenek, aurretik entzundako bertsoek… Hor masa moduko bat izaten duzu, zure eta gaiaren artean sartzen dena”. Azpimarratu du kapak kentzearena batez ere zu non zauden eta nondik kantatu nahi duzun aurkitzea dela.
Bestalde, uste du aurtengo txapelketaren berezitasun nagusitako bat diskurtsoa izango dela: “Txapelketara denok gatoz ondo prestatuta. Neurgarriak diren gauzetan —ondo errimatzea, neurrietan sartzea eta abar— denok moldatzen gara ondo, eta hortik aurrerakoa oso subjektiboa da: zer gustatzen zaizun, zer estilo, zer forma… Teknikan denok antzeko mailan baldin bagaude, hurrengo pausoa da denok eman behar duguna, bakoitzak bere diskurtsoa osatzea”. Uste du arlo horretan orain arteko saioetan ikusi dela bertsolari bakoitzak bere bidea hartu duela eta hori eskertzekoa dela dio: “Oso proposamen ezberdinak egon dira, eta hori da interesgarria; denok ariko bagina gauza bera egiten, txapelketak ez luke graziarik edukiko”.
Bere diskurtsoa nolakoa izatea nahi duen ere argi dauka Gaztelumendik: “Diskurtsoz garbi daukat zer egin nahi dudan; gero, praktikan, zailagoa da. Saiatzen naiz arrazoi biribilei eta diskurtso potoloei ihes egiten; nahiko nuke bertsotan ahalik eta hizkera lehorrenarekin egin, ahal den normalenarekin; gaia leku bihurtu eta hor kolokatu, konkreziora eraman asko; gaia leku batera eraman eta narrazio bat sortu hortik, eta barrutik egin bertsotan; nire helburua beti da detailera iristea”.
Orain dela lau urteko finalarekin alderatuta orain kontzienteagoa dela uste du: “Uste dut kontzienteago naizela egiten dudanaz, bere alde on eta txarrekin”.
Hemen irakur dezakezue elkarrizketa osorik.
Euskal Herriko Bertso Txapelketa Nagusiko finalean abestuko du bigarren aldiz datorren igandean Beñat Gaztelumendik. Oraingoan “gorputzetik” kantatu nahi duela dio. Argi du nola egin nahi duen bertsotan: “Arrazoi potolorik gabeko bertsokera, hizkera lehorrekoa, konkretua eta detaileetara iristen dena”.