Baserritar jantzien lehiaketa egingo du Gero Axularrek San Tomas egunean
San Tomas eguna hurbiltzen ari da, eta, urtero legez, jaia nagusi izango da Donostian, abenduaren 21ean. Txorizoa, taloak eta sagardoa izango dira eguneko protagonista handiak, eta, guztira, 200 postuk beteko dituzte hiriko erdialdeko kaleak. Konstituzio plazan egongo da Ursula, Leitzako Arro baserrian hezitako txerria. Egun horretarako, 370 kilo inguruko pisua izatea espero dute. Postuez eta txerriaz gain, egitarau zabala antolatu du udalak; kirol lehiak, bertsolariak, abere erakusketa eta gastronomia lehiaketak, besteak beste (behean egitarau osoa). Aurtengo berrikuntza, ordea, Gero Axular dantza taldearen eskutik dator: Baserritar Jantzien I. Lehiaketa. Antolatzaileek esan dute lehiaketaren helburua dela baserritar jantzia harrotasunez erabiltzeko ohitura bultzatzea eta zabaltzea, San Tomas egunean.
Gipuzkoa plazan egingo dute jantzien lehiaketa (35. postuaren aurrean). Agertoki txiki bat jarriko dute, eta bertan egingo dute desfilea partaideek (bakoitzak 30 segundo). Lau maila bereiztuko dituzte; haurrak (12 urtera arte) eta helduak, eta horietako bakoitzean emakumeak eta gizonak. Desfilea 12:00etan hasiko da, haurren mailarekin, eta 12:45ean izango da helduen txanda. Lehiaketan, bi alderdi baloratuko dituzte: batetik, jantziaren diseinua. Sari banaketa 13:45ean egingo dute eta sariak lotzen ari dira inguruko dendekin.
Kategoria bakoitzean, gehienez ere, 30 lagunek parte hartu ahalko dute. Donostia Kulturaren webgunera jo behar da izena emateko; bertan dagoen inprimakia bete, eta posta elektronikoz bidali beharko da info@geroaxular.com -era (abenduaren 20an itxiko dute izen ematea, 12:00etan). Maila bakoitzean 30 lagunek izango dute izena emateko aukera; horrela, lekua geratuko balitz, egunean bertan egongo da izena emateko aukera.
Auzoetan ere ospatuko dute San Tomas eguna. Hemen egitaraua.