Behi masaila, Ordizia erara
Ordizia taberna
OSAGAIAK: – Behi masailak Ordizia saltsaren 15 kilo egiteko: – 3 kilo tipula gozoa – 2 porru sorta – 1,5 kilo azenario – 2 piper berde – Pipermorro 1 – Baratxuri 1 – 250 gramo txanpinoi – 250 gramo perretxiko – Litro erdi brandi – Errioxako bi botila ardo beltz ondu – 5 litro salda – 30 gramo koloretako piperbeltz PRESTAKETA: Arrakasta handia dute Ordizian behi masailek. Beraz, kantitate handitan prestatzen du saltsa Goctxa sukaldariak, eskatu ahala eskura izateko. Lehenengo, behi masailak lau zatitan moztu behar dira, gatza eta piperra bota eta plantxatik pasa behar dira. Ordizia saltsa egiteko, osagai guztiak txinotik pasa behar dira, irabiagailuren laguntzarekin. Ondoren, dena nahastu, eta pazientzia handiz zaindu behar da, su baxuan egiten joaten den bitartean. Zerbitzatzeko, masail puska bat jarri eta gainetik saltsa botatzen diote.Joseba Benito, Ordizia tabernako jabeetako bat
“Etxeko taberna da, oso gertuko tratua dugu eta ez gara batere serioak” Zein da Ordizia tabernaren historia? Nire aitak ireki zuen taberna, Felixek, 1980an. Ordiziakoa zen eta horregatik jarri zion izen hori. Urte askoan aritu ondoren, 1998an alokatu egin zuen, hamar urtez. Alokairua bukatu zenean sartu ginen anaia Mikel eta biok. Horretarako, tabernaren barrualde guztia bota eta berritu egin genuen, legediak eskatzen zuen guztia betetzeko. Lehen sukaldea goian zegoen, eta obra egitean behera igaro behar izan genuen, goian komun handiak jartzeko. Bederatzi urte daramatzagu tabernarekin eta egia esan denbora ziztu batean igaro zaigu. Eskaintza mantendu duzue? Pintxo batzuk mantendu genituen, txanpinoiena eta txipiroiena. Eskaintzen ditugu pintxoak, errazioak, ogitartekoak, sandwichak eta hanburgesak. Ogitartekoak bereziak dira eta Goierriko izenak dituzte: Itsasondo, Ordizia, Zaldibi, Segura, Larraitz, Larraul… Pottoka da arrakasta gehien duenetako bat, nik Ordizian izan nuen taberna batetik ekarri nuen; osagaiak dira bularkia, gazta, eta saltsa bat esnegain, txanpinoi eta roquefort gaztarekin. Asko eskatzen dituzte ere Beasain, Txindoki eta Ordizia. Nolakoa da zuen taberna? Etxeko taberna da, oso gertuko tratua dugu, eta ez gara batere serioak. Gure bezeroak betikoak dira. Egunerokoan ibiltzen zaizkigu poteatzaileak, lehen arrantzaleak izandakoak eta orain erretiratuak daudenak. Gazteak asteburutan mugitzen dira, ogitarteko asko eskatzen dituzte. Donostiako zein jatetxe gomendatuko zenuke? Parte Zaharreko Alderdi Zahar. Betiko taberna da eta etxeko sukaldaritza egiten dute. Ezin da aurrez erreserba egin, baina oso ongi jaten da, etxeko janaria da, eta oso goxoa.