Bertan galtzea merezi du

Ohiko bideetatik harago, Uliak altxor asko ezkutatzen ditu. Mendia hobeto ezagutu eta duen balioaz jabetzeko, ibilaldiak eta erakusketa bat antolatu ditu Uliako auzo elkarteak.

ulia_ibilaldia3

Hiriko eta inguruko mendien bista, Uliatik. (Argazkia: Malen Aldalur)

Askok ezagutuko dute Ulia mendia. Hiritik hain gertu egonda ez da harritzekoa tarteka ibilalditxo bat edo beste egin izana. Hala ere, maiz kosta egiten da duen balioaz eta garrantziaz jabetzea. Uliako auzo elkartea gogotsu ari da inguru honetako altxorren balioa nabarmentzeko lanean. Hilaren hasieran Uliako eta Mendiolako txoko ederrenak ezagutzeko eta ingurumenarekin sentsibilizatzeko mendi ibilbideak antolatu zituen, esaterako.

Marko Sierrak, egitasmoaren koordinatzaileak, gidatu zituen ibilaldiak. Aurrez ere harremana eduki du Sierrak Uliako auzo elkartearekin, izan ere, Aranzadi elkarteko kidea da eta beraiek egin zuten Uliako mintegien inguruko txostena; Ategorrieta-Uliako natur eremu osoaren balio naturala, historikoa, kulturala eta paisaia balioa aztertu zituen, besteak beste. Eskarmentu handia duen ingeniari agronomoa da Sierra, eta gutxik moduan ezagutzen du Ulia mendia.

Ibilaldietako batera gerturatu zen Irutxuloko Hitza, Uliako itsaslabarrak eta oihanak ezagutzeko asmoz. Goizeko 09:00etan egin genuen hitzordua Sierrarekin Egiako kultur etxean, eta handik abiatu ginen Uliarantz. Gros auzoa zeharkatu eta Okendo kultur etxearen ondotik egin genuen maldan gora. Mendia bezain ederra da menditik ikus daitekeena. Lehen malda igo bezain laster iritsi zen aurreneko geldialdia, garai batean trena igarotzen zen bidearen ondoan: “Uliara igotzeko trenak egiten zuen bide hau. Igeldoko funikularraren antzekoa zen, baina aspaldi desagertu zen», azaldu du. Handik ederki ikus daitezke Urgull, Urumea ibaia, Erdialdea… Baina baita inguruko mendiak ere. Buruz dakizki Sierrak: “Belkoain, Ernio, Andatza, Pagoeta, Izarraitz, Andutz…”.

Arimen muturrera bidean dagoen gotorlekua, sasiz beteta. (Argazkia: Malen Aldalur)

Arimen muturrera bidean dagoen gotorlekua, sasiz beteta. (Argazkia: Malen Aldalur)

Hainbat ibilbide daude Ulian, horietatik hiru dira ezagunenak: Uliari bira, Almirantearen gotorlekutik igarotzen den bidea eta Talaia bidea. Hala ere, Sierrak bide nagusietatik tarteka ihes eginez bestelako txoko batzuk ezagutarazi nahi ditu. Horregatik, Monpas edo Arimen muturra izenarekin ezagutzen den lur muturrera joan ginen. Itsas muturretik aurrera begiratuta badirudi hantxe bukatzen dela mundua, eta aurrean dena da itsasoa. Hala ere, Sierrak azpimarratu du mendia ez dela han bukatzen, ur azpitik jarraitzen du; horren adierazgarri dira uraren gainetik bistaratzen diren arroka zatiak. Horrekin batera haizea da protagonista nagusia: “Hemen behera kontuz jaistea garrantzitsua da haize bolada handia datorrenean oreka galtzea arriskutsua izan daiteke eta”.

Babestutako eremua

Europako Batasunak babestutako eremu naturala da Uliako itsasertza, Saguesetik San Pedrora bitarte. Hala ere, Sierrak azaldu du hainbat mehatxu eduki dituela. Hasteko, Sagues ondoko itsaslabarrean kirol portua egin nahi zutela gogorarazi du. Ondoren, 2005 eta 2007 urte bitartean Sagues eta Monpas batzen zituen pasabide bat egiteko egitasmoa ere egon zela dio. “Zorionez”, azkenean, bertan behera geratu zirela nabarmendu du: “Eremu babestua da eta balio handikoa, gainera hemen haizeak oso gogor jotzen du eta ez da leku egokia horrelako zerbait egiteko”.

Azkenean, ez pasabiderik ez porturik, haizea eta itsasoa dira nagusi Arimen muturra moduan ezagutzen den lurmuturrean.

Dagoeneko egarrituta Kutraila izeneko iturriarekin egin genuen topo parez pare; nahiz eta, oraingoan urik gabe aurkitu genuen. “Iturri oso ospetsua izan zen garai batean, esaten da hemen garbitzen zituztela Londres Hoteleko izarak uraren kalitateagatik”, azaldu du Sierrak. Ezagunena bai, baina ez bakarra, izan ere, Ulian barrena mendiaren barrutik datorren urak ihes egiten du nonahi.

Udazkenarekin batera eroritako hostoen gainetik eta zuhaitz biluzien azpitik jarraitu genuen aurrera. Harik eta begiratoki batera iritsi ginen arte: “Hau guztia lehen sasia zen eta nik beti esaten nuen plataformatxo bat jarrita soilik asko irabaziko lukeela lekuak”. Azkenean hala egin dute, eta lehen sasia zegoen lekuan orain egurrezko xaflekin osatutako begiratoki txiki bat dago. Bertatik itsaslabarra ikusten da itsas kaioak aurrera eta atzera dabiltzan bitartean.

ulia_ibilaldia1

Tamaina ugaritako ganga geologikoak daude Atalaian. (Argazkia: Malen Aldalur)

Itsasertza baino gehiago

Hala ere, Ulian dena ez da itsaslabarra eta basoa. Geologiak ere badu bere lekua. Atalaiara joatea besterik ez dago hortaz jabetzeko. Bertan ganga geologikoak ikusi daitezke; zulodun harri marroixka batzuk itsas gainean. Horietako batzuetan barruan sartzeko aukera ere badago. Harriak utzi eta bide zidorretatik gora eta behera jarraituz iritsi ginen Ilurgita izeneko badiara. Bertan harriz osatutako hondartzatxo bat ageri da. Inguru honek beste mehatxu handi bati aurre egin behar izan ziola gogorarazi du Sierrak: “Badia hau kirol portu bihurtzeko proiektu bat aurreikusi zuen udalak”.

Azkenik, itsaslabarretik urrundu eta basoan barrena egin dugu hirira buelta. Barrualdera joan gara ameztiz betetako oihanean zehar. “Garai batean amezti honek Ulia estaltzen zuen”, azaldu du Sierrak. Gaur egun hainbat zuhaitz eta landarek osatzen dute Uliako ekosistema: tartean, harri silizioetako landaretza, Pinus insignis eta Pinus maritimus baso landaketak, bazkatutako bezaleak, baso mixtoak eta aziofiloak, espezie inbaditzaileak eta, baita, baratzak eta mintegiak ere.

ulia_ibilaldia

Ilurgita izenez ezaguna den harrizko hondartza. (Argazkia: Malen Aldalur)

Landareak izendatuz joan ginen basoan gora Uliako punturik altuenera iritsi arte. Eskailera batzuk eta plataforma bat daude txukun jarriak bertatik itsaso zabalari eta Jaizkibel mendiari begiratu ahal izateko; eta, inguruan, berriz, hamaiketakoak edo bazkariak egin ahal izateko mahaiak.
Ohikoa den bezala tontorretik dena behera eta behera egin genuen berriro ere Grosera iritsi arte; eta, hantxe, Okendoko kultur etxearen parean, gorako malda hasi genuen leku berean eman zion Sierrak amaiera ibilaldiari.

Bukatu zen gure ibilbidea eta ibilbide hauek egiteko aukera ere amaitu da, oraingoz. Igandean egin zuten azkena. Hala ere, mendi ibilaldiez gain, erakusketa bat ireki dute Okendo kultur etxean eta ikusgai egongo da abenduaren 23ra arte; ondoren, Intxaurrondoko kultur etxera pasako dute erakusketa, abenduaren 26tik urtarrilaren 5era arte; eta, azkenik, Lugaritz kultur etxean egongo da urtarrilaren 11tik otsailaren 6ra.

Iruzkin bat

Egin iruzkin bat

*

*

  • Uliako parkeko ibilaldiak eta erakusketa (Irutxulo, 2017-02-28) // Merece la pena perderse por Ulía – Uliako auzo-elkartea
    15 abendua 2017 at 20:06 - Reply

    […] Irutxuloko Hitzak gaur argitaratu du albiste luze bat hainbat argazkirekin lehengo asteko ibilaldiei buruz eta Okendoko erakusketari buruz:Bertan galtzea merezi du […]

  • Send this to friend