«Jokalariak oso ongi egokitu dira oso denbora gutxian»
Eskubaloiko Ohorezko Maila atsedenaldian dago urtarrila arte; lehen itzuli polita eginda, geratzen zaiona irabazi eta Rocasak huts egitea behar du Bera Berak, titulua eskuratzeko.
UXUE EZKURDIA eta EIDER RUBIO super amara bera berako kideak.
Hirugarren denboraldia du bigarren entrenatzaile postuan Eider Rubiok (Antigua, 1977). Aurretik urte mordoa egin zituen jokalari gisa; 18 urte zituela sartu zen taldean, eta 2013an erretiratu zen, 35 urterekin. 18 urterekin jokatu zuen ere lehenengo norgehiagoka Uxue Ezkurdiak (Egia, 1994). Bidebietan elkartu gara beraiekin, taldearen irakurketa egiteko.
Zein irakurketa egiten duzue ligaren lehen zatiaren inguruan?
Eider Rubio (E. R.): Aldaketa pila bat izan genituen, jende berri asko genuen, eta kostatu zitzaigun erritmoan sartzea. Rocasaren aurkako partida goiz iritsi zitzaigun eta ez genuen gure bidea topatu. Gero, gutxinaka, hobera egin dugu, baina azken bi partidetan pixka bat behera egin genuen. Valladoliden jipoi latza jaso genuen, baina nahiko bide ona egiten ari gara, eta espero dugu pisu handia ez izatea galdu ditugun lau puntuek. Defentsan joan zitzaizkigun bi oinarri garrantzitsu, eta nola antolatu asmatu behar izan genuen berriro. EHFko kanporaketak ere balio izan zigun defentsa sendotzeko, kanporatu gintuzten arren. Ongi defendatzen badugu, asko erabiltzen dugu kontraerasoa.
Uxue Ezkurdia (U. E. ): Eiderrek esan bazala, jokalari berri asko izanda, jokoa ez genuen oso egokitua hasieran, eta kosta egin zitzaigun. Hala ere, orain ez dugu ezer ezinezkotzat jotzen. Taldeak badu gogoa liga irabazteko.
Atsedenaldian lagunartekoak jokatzen ari zarete. Horrek lagunduko dizue?
E. R.: Hilabete bat igarotzea lehiatu gabe, bestela, aspergarria da. Orain berriro ere defentsa egokitu beharko dugu lagunarteko partidetarako. Minutu gutxiago izaten dituzten jokalariak sartzeko izaten dira lagunartekoak, konfiantza hartzeko, eta beste gauza batzuk probatzeko.
U. E. : Ligaren atsedenaldia, azken batean, bigarren denboraldi aurre bat bezala erabili behar da.
Ligaren bigarren zatia nola aurreikusten duzue?
E. R.: Lortu genuen puntua mantendu eta hobetu egin behar dugu, eta geratzen zaizkigun partida guztiak irabazi behar ditugu. Oso ongi jokatu beharko dugu hori lortzeko, baina hori da gure helburua. Hala ere, ikusi beharko dugu Rocasak zer egiten duen, oraindik ez baitu partidarik galdu.
U. E. : Pentsatzen dut Rocasak ez dituela falta zaizkion partida guztiak irabaziko. Guk gurea egingo dugu eta ikusiko da.
Liga orokorrean nola ikusten duzue?
E. R.: Krisiaren ondorioz, duela urte batzuk, jokalariak kanpora joan ziren jokatzera, eta harrobia landu genuenok geratu ginen indartsuen. Orain taldeek maila handiagoa dute, edozeinek irabaz ditzake lehiak, eta lehikortasuna handiagoa da.
Reyes Karrere joan zenetik, entrenatzaile aldaketak egon ziren. Montse Pucherekin egonkortasuna itzuli da taldera?
E. R.: Reyesek eskola bat sortu zuen eta ordezkatzea nahiko zaila izan da. Urte pila batez egon zen eta ni berarekin hezi nintzen jokalari gisa. Egia da orain jokalari asko joaten direla beste talde batzuetara, hori lehen ez zen hainbeste gertatzen, eta errazagoa zen muina mantentzea. Egia da ere entrenatzaile aldaketak egon direla, baina jokalariak ere aldatu dira eta joan zaizkigu garrantzitsuak, Matxalen Ziarsolo edo Eli Pinedo, esaterako,eta nabaritu egin da.
Orain oso jende gaztea dugu; horrek badu bere alde ona, baina partida eta egoera zehatz batzuetan kosta egiten zaigu aurrera egitea. Ni oso gustura nago taldearekin. Jokalariak oso ongi egokitu dira oso denbora gutxian. Uste dut oso lan ona egiten ari direla eta gogo handiz ari direla.
Jokalariak zer moduz moldatzen zarete entrenatzaileekin?
U. E. : Jokalari berriak iritsi zirenez, hemengoak saiatu ginen giro ona mantentzen, jendea gustura sentitzeko. Oso ongi moldatzen gara eta entrenatzaileekin ez daukagu inolako arazorik edozer gauza komentatzeko. Klub honek duen gauza oso on bat da kantxetatik kanpo planak egiten ditugula. Saiatzen gara kanpotik datozenak etxean bezala senti daitezela eta uste dut gustura daudela.
E. R.: Hemengoek oso lan garrantzitsua egiten dute, eta ez bakarrik ongi moldatzeko. Helburu handiak dituzte eta eredugarriak dira erakusteko Bera Beran nola entrenatu eta jokatu nahi dugun. Horrela, kanpotik iristen diren jokalariak batu egiten dira jarrera horretara.
Klubeko harrobia nola dago?
E. R.: Eskola duela hamar urte inguru sortu zuen klubak eta ordutik sekulako aldaketa egon da. Nik jokatzen nuenean talde jubenil bat eta kadete bat zeuden. Orain dauzkagu hamaika talde, neska eta mutilen mailetan. Gure harrobiaz gain, gainera, lan gehiago egiten da Gipuzkoako taldeekin. Jokalariek ispilu gisa dute Bera Bera, badauzkagu Usurbil edo Legazpiko jokalari gazteak, eta hori zebaitegatik da.
U. E. : Pentsatzen dut motibatu egingo dituela ikusteak lehenengo taldekoak entrenatzen eta luzaketak egiten. Eskoletara ere joaten gara haurrekin entrenatzera, eta aurreko batean Alba Menendez eta biok egon ginen Zuhaiztin. Iritsi ginenean neskatxo bat negarrez hasi zen, oso pozik zegoelako, eta ezin genuen sinetsi.
Zalegoa nabari da Bidebietan?
U. E. : Bai, harrobikoak etortzen dira eta harmailak betetzen dituzte. Hala ere, zarata gehiago ateratzea falta zaie, tentsioa sorraraztea bisitariei.