'Espetxe zuzendaritzaren jarrera matxista'
Gutun honen bidez zuengana zuzentzen gara Granadako Albolote espetxean jasaten ari garen egoera salatzeko. Espetxeko zuzendariak duela hilabete batzuk gatazka bat sortu zuen moduloko emakume guztiak behartzen hasi zelako nahi eta nahiezko lanak egitera.
Errespetuzkoak ez diren moduloetan lan talde bolondresak daude, patioko garbiketa egiteaz arduratzen direnak, baita bederatzigarren moduloan ere, non gure kide Agurtzane Delgado eta Ainhoa Mujika dauden. Baina orain espetxeak moduloko emakume guztiak garbiketa egitera behartu nahi ditu era rotatiboan, gizonezko errespetuzkoak ez diren moduloetan gertatzen ez den bezala. Horregatik uste dugu hau emakumeekiko jarrera diskriminatzaile bat dela.
Egoera honen aurrean, moduloko emakume multzo handi batek beraien haserrea adierazi zioten espetxeko zuzendaritzari eta lan behartuak egiteari uko egin zioten. Horien artean daude gure kide Agurtzane eta Ainhoa.
Espetxeko zuzendaritzak arazoa konpondu beharrean gure kideak isolamendura eramatea erabaki zuen, eta geroztik hor jarraitzen dute, horrek suposatzen duen guztiarekin: bizi baldintzen murrizketak, neurri zorrotzak, aktibitate ezak, osasun arazoak (hotz handia egiten du), patio txikia (8×25)…
Honez gain, argi eta garbi geratzen da espetxe honetako zuzendaritzak emakumeekiko duen jarrera matxista. Lanak nola banatzen dituzten oso adierazgarria da: iturgintza, igeltserotza eta margotzeko lanak gizonezkoentzat dira, eta bisitak egiteko gelen garbiketa eta arropa garbiketa, emakumeentzat.
Gainera, emakumeek aukera gutxiago dituzte moduloen arteko aktibitateetan parte hartzeko. Lotsagarria iruditzen zaigu espetxearen jarrera zeinak estatuko zentro bat den heinean berdintasun politikak ezarri beharrean, antzinako jarrerekin jarraitzen duen, erabakiz emakumeek lan batzuk egiteko balio dutela eta gizonek beste batzuetarako.
Egoera hau sortu zenetik (sei hilabete igaro dira eta gure kideek isolamendu egoeran jarraitzen dute) arazoa konpondu nahian gabiltza baina espetxe honetako zuzendaritzak ez du konpondu nahi.
Jarrera guztiz itxia daukate, adieraziz ez dutela inongo asmorik egoera konpontzeko eta ez diela eragiten inolako ardurarik, gure arazoa delako.
Honen aurrean, Granadako Euskal Preso Politikoen Kolektiboak erabaki du planto egitea eta Agurtzane eta Ainhoa isolamendutik atera arte gose greba borroka dinamika batean sartzea, espetxearen jarrerak ez baitigu beste irtenbiderik eman.
Gauzak horrela, zuengana jotzen dugu egoera salatzen laguntzeko eta zabaltzeko, eta aldi berean zuen inplikazioa eskatzen dugu jarrera matxista honi irtenbide bat emateko.
Besterik gabe, besarkada bero bat.
Arkaitz Agote, Granadako EPPKren izenean (2017ko azaroan)