Irati Urkiola: 'Hik jai, eta nik ere bai'
Gertatzen da –tradizioak hartara bultzatu gaituelako, edo momentua bizitzera baino gehiago, askotan, etorkizunean bizi garelako– hilabetea hasi eta datozen 30 egunetan egingo ditugun planek ematen diotela esanahia eta izaera hasi berri den hilabeteari. Gertatzen da ere, hilabetea hasterako, askok jakin ohi duela hilabete amaierarako zein aldaketa izango diren haien bizitzetan –are gehiago hasi berri dugun hilabete honetan–: pare bat kilo gehiago soinean, dozena erdi liburu gehiago oraindik irakurri gabeko liburuen apalean, urtero errepikatzen diren “urte berrirako asmoak” geure gogoetan… Sentikorrenentzako, gainera, efemerideek –izan pertsonal zein kolektibo– ere markatu ohi dute hilabetearen esentzia: euskaldunon artean nor ez da oroituko Mikel Laboaren heriotzak markatu digula 2008tik abenduaren lehena, edo Leterenak, 2010etik abenduaren 5a.
Izar guztien hautsetatik ekin diogu urteko azken hilabeteari, eta ziur naiz, azkena izanagatik ere, abendua dela denon agendetan beteen dagoen hilabetea. Gabonak izan ohi dira agendan leku gutxien utzi ei dutenak: aitzakia batengatik edo bestearengatik, urteroko dietari buelta emateko gai diren gosari/bazkari/merienda/afari-ak, eguneroko ogia izaten dira data hauetan.
Baina, Gabonak iritsi aurretik ere, baditugu aitzakiak “honek itxaron lezake” esan, eta nagi gehien sortzen diguten gauzak gero(ago)rako uzteko. Horren adibide dira pasa berri den manifestazioa aitzakia hartuta Parisera egindako bidaia, edo lehen elurtea aprobetxatuz eskiei hautsa kentzeko planak, edo Durangoko “kultur” egunak… Baina, plan horiek guztiak egiterako orduan, opor egun horien zergatiaren inguruan pentsatu ote dugu? Zenbat izan dira gure inguruan egunotan oporrik/ jai egunik hartu ez dutenak? Asteazkenean, hilak 6, Durangon (euskal kultura) kontsumitu bitartean zenbatek izan zuen Katalunia hizketa gai? Zenbatek Parisko manifestazioa? Zenbatek astearteko, hilak 12ko, hezkuntza greba? (Entzun dut krak-a enegarrenez askoren barruetan, sentitu askoren kalanbrea, ziztada). Ez ote dugun harroegi azaltzen geure izaera aldarrikatzailea geure kontraesanak ezkutatu nahian…
Eta bai, ni ere izan naiz horietako bat, eta askoren antzera, aukera izanez gero, emango dut Konstituzioko Zubian egindako oportxoen berri urtarrileko Bilboko manifestazioan.