Emaus Fundazioko tailerretan dabiltzan bi lagun, lanean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Baserritar jantziari hautsa kentzeko garaia iritsi da, Gabonak ate joka baitaude jada; Donostian badago aukera janzki ederrak lortzeko, diru gutxi gastatuta, zuk zeuk zurea egiten ikasiz edo zaharra atonduz.
San Tomas eguna hurbiltzen ari da, eta, horrela, abenduaren 21ak irteera emango dio baserritarrez janzteko garaiari. Izan ere, Gabonen etorrerarekin ospakizun bat baino gehiagotan dago baserritarrez janzteko ohitura. Era eta kolore guztietako jantziak daude gaur egun, eta Donostian badago aukera jantziak merke lortzeko. Santomasetan dotore jantzita joateko bi aukeren emango dizuegu ondorengo lerroetan. Batetik, Emaus Fundazioaren denda; eta, bestetik, jantziak berrerabili eta jostea, Arrano Beltza elkartean.
Emaus Fundazioak prezio merkean saltzen ditu jantziak, Egian duen egoitzan. Urrian ireki zuten denda, Mundaiz bidean, eta oso harrera ona izaten ari da. Azken batean, salgai dituzte bigarren eskuko arropa, objetuak eta altzariak, ekonomia zirkularrari eta solidarioari bidea eginez. Hauek dira prezioak: gonak, 35 euro; mantalak, 30 euro; alkandorak, 20 euro; eta tokillak, 20 eta 25 euro artean.
Emausek badu beste egoitza bat Aieten, Munto inguruan. Erresidentzia eta eguneko zentroa bateratzen ditu, eta handik igarotzen direnek hainbat tailer egiteko aukera izaten dute, gizarteratzeko bidean. Arantza Suberbiola Emauseko langilea da eta duela bi urte bultzatu zuen jantzien tailerra, zaletua dela eta: «Garai batean oihal asko iritsi zitzaizkigun, agian dendaren bat itxi zutelako, eta kulturarekin lotutako zerbait egitea ideia polita iruditu zitzaigun». Horrela, duela bi urte, adibidez, Astigarragako Astigar Dantza Taldearentzako jantziak egin zituzten, haur dantzarientzako.
«Helburua da beraiek ongi sentitzea okupazioaren bidez eta autoestimua handitzea. Beraiek eroso sentitzen diren espazioan aritzen dira lanean». Horrela, batzuk joskuntzan aritzen dira gustura, eta arrakasta handia duten jantziak egiten dituzte. Bakoitzak bere erritmoa eta gaitasuna du, errespetatu egiten dute, eta talde lana bultzatzen dute, elkarri irakatsiz. Azken batean, iristen zaien materiala erabiltzen dute, dena berrerabiliz.
Batzuek oihalak prestatzen dituzte, moztu eta orratzak jartzen; beste batzuek patroiak egiten dituzte eta makinaz pasatzen dute… «Nik azaldu nien nolakoak ziren berezko baserritarren jantziak, liburu batzuk ekarri nizkien irudiak ikusteko, azaldu nien mantalak zergatik ziren handiak…». Horrela, gustu handiz lan egin dute Emausen, eta sekulako arrakasta izaten dute. «Lan handia eskatzen duten jantziak dira, eskuz eginak daude, oihal onekin. Joan den astean eraman nituen orain arten egindakoak, eta jada eskean ari ziren dendan; jendea zain egoten da».
Jantziak tarteka josten dituzte, urtean barrena, baina bereziki Gabonak hurbiltzen direnean egiten dituzte gehiago. Bigarren urtea du, esaterako, Mariajek jantziak josten: «Denon artean egiten dugu lana eta oso ongi moldatzen gara. Denetik egiten dugu,baina niri gehien gustatzen zaidana gonak egitea da».
Aieteko kultur etxean ere jarri zuten erakusketa bat iazko Gabonetan. Sei maniki jantzi zituzten baserritarrez, eta ondoren salgai jarri zituzten arropa haiek, aurten bezala.
Arranon, ikastaroa
Parte Zaharreko
Arrano Beltza euskaltokian, garai batean, eskaintzen zuten ikastaro bat, baserritar jantziak egiten ikasteko. Ohitura hura berreskuratu nahi izan dute, eta bi egunetan ikastaro labur bat eskainiko dute, Yaiza Arrizabalagaren adituaren eskutik. Jantziak konpondu eta berritzeko ikastaroa izango da, aurreko urteetako jantziak aprobetxatu, itxura aldatu, txukundu eta hobetzeko. Deia egin dute elkartean biltzeko abenduaren 15ean, 18:00etatik 20:00etara; eta abenduaren 16an, 10:30etik 12:30era. «Oinarrizko ikastaroa izango da, guztiz praktikoa eta sinplea. Josiko dituzte zapi, mantal eta gona bana», dio elkarteko
Ainhoa Bastarrikak. Informazio gehiagorako posta elektroniko honetara idatz daiteke:
euskaltoki@gmail.com.
Bakoitzak bere oihalak eraman beharko ditu, eta elkarteak josteko materiala jarriko du. Aurten emakumeen jantziekin egingo dute ikastaroa, baina hurrengo urtean gizonezkoentzako jantziak ere gehitzea da antolatzaileen asmoa. Horrela, datorren urtean ikasiko dute patroiak egiten, aurtengo ikastaroak arrakasta izaten badu.
Edonola, aurten aitzakia ezin hobea dago dotore janzteko. Izan ere,
Gero Axular dantza taldeak
baserritar jantzien lehiaketa antolatu du, lehen aldiz.