Auzoko haurrak kontuan hartuko dituen guraso elkarte bat osatzen ari dira Grosen. Ideiak trukatu eta beste guraso batzuen proposamenak jasotzeko, batzar ireki bat egingo dute bihar, 11:00etan, auzo elkartean, Nafarroa Behera plazan.
Guraso elkarteko bi bultzatzaile, euren haurrekin, bilerako kartelarekin. (Argazkia: Lide Ferreira)
Urtebete igaro da jada Groseko zenbait gurasok euren arazoak beste batzuekin partekatzen hasi zirenetik: leku estalien falta, auzoko familien arteko harremanak, aisialdirako aukera urriak… Horien eta beste hainbat beharren ondorioz, erabaki dute Groseko Guraso Elkartea sortzea. Oraingoz, zazpi bat gurasok osatzen dute taldea, baina auzoko jende gehiago batzeko irrikitan daude, denen artean txikiak aintzat hartuko dituzten inguru bat sortzeko. Hortaz, ideiak eta proposamenak trukatzeko, batzar ireki bat egingo dute bihar, 11:00etan, auzo elkarteko egoitzan (Nafarroa Behera plazako 6. zenbakian).
Groseko Guraso Elkarteko bultzatzaileetako bat da Ibon Etxeberria. Nahiz eta orain ari diren taldea osatzen, auzoan egin izan dituzte hainbat jarduera: «Ubarroiak kofradiakoekin, esaterako, irteera bat antolatu genuen Erniora, eta, bertan, altxorraren bila ibili ginen. Bidean, proba txikiak egin behar izan genituen, eta, horrela, tontorrean, lortu genuen altxorra aurkitzea. Haurrak oso gustura egon ziren; korrika igo ziren!».
Haurrak protagonista
Horretaz gain, Zipotz jaietan ere euren ekarpentxoa egin izan dute zenbait gurasok. «Urrats aisialdi taldeak dinamizatzen ditu haurrentzako jolasak eta bestelakoak. Baina, normalean, gurasoren batek ere, norbanako gisa, lagundu izan dugu. Iaz, gainera, ahalegin handiagoa egin genuen eta hainbat jarduera antolatu genituen; tartean, haurren danborrada indartu genuen –30 ume ateratzen ziren lehen, eta, aurten, bat-batean, ehun–. Ondoren, makarroikada bat egin genuen. Izugarria izan zen; beraiek protagonista izatea oso polita da».
Gogo eta ilusio horrekin aritu dira beste gurasoekin hitz egiten eta ideiak partekatzen. «Bat egin dut, batetik, auzo mailan uste dudalako interesgarria dela gurasoen artean nolabaiteko harremana sortzea, Grosen eskola bat baino gehiago baitago eta guraso guztiok ez dugulako elkar ezagutzen. Nire semea, adibidez, Zuhaizti eskolara doa, eta Groseko jende gutxi dago bertan. Beraz, auzoan gaudenean, parkean, pixka bat isolatuta sentitzen da. Guraso elkarteari esker, beste umeekin harreman berriak egiteko aukera izan dezake», esan du Loira Manzanik.
Bestetik, bere iritziz, umeentzako planak falta dira auzoan: «Bi haur ditut –4 hilabetekoa eta 3 urte eta erdikoa–, eta sentipena dut beraientzako ez dagoela aukera handirik. Gainera, auzoko haurtxokoa 5 urtetik gorakoentzako da. Orduan, beraientzako aisialdia eskaintzea izan daiteke beste erronka bat; are gehiago, hemengo negua luzea eta euritsua dela kontuan hartuta».
Horren harira, haurrentzako leku estali baten bila ibili izan dira Grosen aspalditik. «Eguraldi txarra egiten duenerako, Katalunia plaza estaltzeko proiektua onartu zuen udalak bere garaian. Baina, oraindik, zain gaude, eta asmoa dugu udalean interpelazio bat aurkezteko», azaldu du Etxeberriak. Bitartean, euren kabuz aritu dira leku estali baten bila: «Hitz egin dugu Hondarpe auzo elkartearekin, eta utziko digute gela bat txikiekin egoteko».
Beste ideia bat da familien arteko trukea sustatzea: «Hala, haurren arropa txikia geratzen zaienean, badakigu gune bat dugula trukatzeko; eta, jostailuekin, gauza bera egin dezakegu».
Biharko bileran, bi gela egongo dira: batean, gurasoak bilduko dira; eta, bestean, haurrentzako tailerrak eta jolasak antolatuko dituzte. Ideiak trukatzeaz gain, aisialdian oinarritutako ekitaldiak detektatu nahi dituzte, guraso bakoitzak bere ekarpenak egiteko. Hau da, hilabetero, gutxi gorabehera, jarduera bat prestatzea proposatu nahi dute: zinema, askari handiak, mendi irteerak, jolasak, tailerrak… horietan gurasoak nola antolatuko diren zehazteko.
Taldea bultzatzen ari diren gurasoek ideiak dituzten arren, zerotik abiatu nahi dutela dio Etxeberriak: «Guk eramango ditugu proposamen batzuk, baina bertaratzen garen guztiok erabakiko dugu zer, zertarako eta nola egin nahi dugun. Azken batean, haurren auzoa eraiki nahi dugu, Gros txikientzako egokitu eta beraien beharrak bermatu».