Añorgan egin nahi duten makrogune komertzialaren inguruan ohartarazi nahi dituzte bizilagunak
Larunbatean, abenduaren 23an, martxa informatibo bat egingo dute Añorgan. Belartza 2 Gelditu plataformak antolatuta, udalak Añorgan eraikitzea aurreikusi duen proiektu urbanistikoen inguruko informazioa zabalduko dute: Belartza 2 poligono komertziala, Oasa Savosienne merkataritza zentroa eta Errekalde Teresategi komertzial guneari buruzkoa, besteak beste. Hauek guztiek auzoko biztanleengan eta inguruko ingurumenean nolako eragina izango duten azalduko dute. Amassorrain ikastolatik irtengo da martxa, 11:00etan, eta jada ireki duten Mercadona eta Mc Donalds jatetxean bukatuko da ibilaldia.
IRUTXULOKO HITZAk Belartza 2 Gelditu plataformako kideekin hitz egin zuen azaroan, eta bertan azaldu zuten euren kezka Belartza 2 eremutik harago zabaldu dela: “Belartza bihurtu nahi dute hiriaren gune komertzial erraldoia». Azaldu dute hiru gunetan banatu dutela proiektua: Belartza 2 (Mc Donalds eta Mercadora hartzen ditu, 1.500 metro koadrokoa), Oassa Savoisienne (15.700 metro koadroko merkataritza gunea), eta Errekaldeko Teresategi (Multinazionalen gunea egiteko, 31.096 metro koadro ditu). «Oassakoak bakarrik 6.000 auto ekarriko lituzke auzora, hori dio beraien txostenak, eta hori proiekturik txikiena da. Beraz, auzora dakar kutsadura, bizimodu aldaketa eta naturaren txikizioa. Barakaldoko megaparkaren estiloko eredua ezarri nahi dute, hori da orain udal gobernuaren politika. Krisialdi unean horrela ikusi dute dirua ateratzeko modua, multinazionalek aurretik jartzen dutelako dirua mahai gainean».