'Eskerrik asko!'
25 urte bete ditu Bagera elkarteak eta ospakizun urtea izan dugu hauxe. Hamaika ekimen eta ospakizun jaialdi izan ditugu, eta aro borobila ez dugu bukatu nahi 25 urte hauetan elkarteari modu batera edo bestera ekarpena egin dioten guztiei eskerrak eman gabe.
Duela 25 urte elkartea sortzeko prozesuan parte hartu zuten donostiar euskaltzaleei. Urte hauetan guztietan haiek jarritako helburuak ardatz hartuta, Donostian euskara eta euskal kultura sustatzeko helburuz, mota guztietako ekimen ugari antolatu dira.
Baina, lehen urrats horiek ezerezean geratuko ziren ondoren osatu dugun komunitate zabalari esker izan ez balitz. Horretarako, ibilbide horretan Bagerakideek egin duten ekarpen eta babesa ezinbestekoa izan da Bagera elkartearentzat. Horri esker, egitasmo ugari aurrera eraman ditugu eta Donostiako euskaltzaleon komunitatea aberasten joan gara horietako bakoitzarekin.
Eskerrik asko, beraz, Mintzalaguna egitasmoa posible egiten duzuen guztiei, batez ere, laguntzaile finei. Egunero Irutxulo.hitza.eus klikatzen duzuen guztioi, batez ere, Hitzakideei. Euskal kantak lau haizetara abesten zabiltzatenei. Hitzaldi, tailer, jardunaldi bakoitzean parte hartzen duzuenoi. Euskarak behar duen tokia izan dezan adi dauden behatzaileei. Auzoetan euskara bizirik dagoela erakusten duzuenoi, batez ere, euskara batzordeetan jo ta su zabiltzatenei. Eskerrik asko euskararen alde egiten duzuen guztioi!
Aro bat bukatu eta beste bat hasiko da orain. 25 urte joan zaizkigu eta euskararen egoera orduan baino hobea den arren, oraindik lan handia eta erronka berriak izango ditugu egiteke. Donostian euskara sustatzen jarraituko du Bagerak Donostiako euskaltzaleak aktibatuta.
Aitziber Gurutzeaga, Bagera elkartea.