Peru Erroizenea eta Ibon Rosales, Donostia Galdeketa taldeko kideak. (Argazkia: Malen Aldalur)
Udazkenean egin nahi du galdeketa Gure Esku Dagok Donostian. Horretarako, sinadura bilketa abiatu dute. Emaitzetatik harago, galdeketa egitea da helburua.
Badira dagoeneko bost urte Gure Esku Dago dinamika aurkeztu zutela Irungo Ficoba erakustazokan. Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen alde hainbat jarduera egin dituzte geroztik. Herri ugaritan egindako galdeketak izan dira, akaso, esanguratsuenak. Orain, iritsi da Donostiaren eta donostiarren ordua. Udazkenean egin nahi dute galdeketa eta hala eginez gero, galdeketa egiten lehenengo hiriburua izango da.
Duela hiru hilabete sortu zuten Donostia Galdeketa taldea; eta hau arduratuko da hirian galdeketa egiteaz. Bertako kide dira Ibon Rosales eta Peru Erroizenea. Urtebete inguru darama Rosalesek Donostiako Gure Esku Dago taldean; Erroizenea, berriz, duela hilabete inguru hasi da, “komunikazioan laguntzeko asmoz”.
Argi dute zein den helburua: “Donostian erabakitze eskubidea gauzatu nahi dugu, eta horretarako gure estatus politikoaren inguruan galdeketa bat antolatuko dugu”.
Gipuzkoako beste hainbat herritan ere egin zituzten galdeketak 2016an eta iaz; hori dela eta, galdeketak probintzia guztian egitea lortu nahi dute aurten. Donostiarekin batera, Irun, Aia, Mendaro, Urnieta eta Hondarribia falta dira galdeketa egiteko.
«Inguruko jendea mugitzen eta galdeketak egiten ari zela ikusi genuen eta konturatu ginen Donostian ere zerbait egiten hasteko garaia zela», azaldu du Rosalesek. Horregatik, pozik batu dira “Gipuzkoan sortu den olatura”.
Halako galdeketa bat Donostian egiteko baldintzak badaudela uste dute, nahiz eta badakiten hiriburua izateak hainbat kalte ere ekar ditzakeela: “Baldintza onak ala txarrak diren jakiteko, sarri, hauteskunde datuei begiratzen diegu, baina hemen ez da inoiz argi galdetu burujabetzaren inguruan”. Horregatik, Rosalesek uste du beharrezkoa dela galdeketa:?”Udal hauteskundeetan independentzia aldarrikatzen duen alderdi bati bozkatzeak ez du, ezinbestean, esan nahi independentziaren alde zaudenik”.
Lehen hiriburua izateak, gainerako hiriburuentzat “eredu” edo “pizgarri” izatea ekar dezakeela uste dute: “Badakigu beste herri batzuei ez bezala, hemen lortutako emaitzak lupaz begiratuko dituztela». Hala ere, lasai daude, izan ere, «galdetzea da helburua, ez emaitza”.
Galdetu egin nahi dute
Izan ere, galdeketa egitera iristeko bide luzea du aurretik Donostia Galdeketa taldeak: “Gure Esku Dago dinamika ezerezetik hasi zen galdeketak egiten, Katalunian bazegoen ereduren bat baina bertako errealitatera egokitua”. Hori dela eta, galdeketak egin ahal izateko protokolo bat sortu zutela azaldu du Rosalesek. Protokoloa lau fasetan banatu dute eta fase bakoitzari izen bat jarri diote: “Lehenengo faseari, elkartea sortzeari, Bagera izena jarri diogu eta dagoeneko sortu dugu; bigarren fasean sinadurak biltzen hasi gara, Gu ere bai da fase honen izena; hirugarren fasea galdera adostea izango da, Gu beti pozez; eta, azkenik, galdeketa egitea, Beti alai”.
Sinadura bilketa abiarazteko ekitaldia egin zuten abenduaren 30ean, eta firmak biltzen arituko dira martxoaren 25era arte. Momentuz pozik daude, izan ere, aurkezpen ekitaldian 400 sinadura inguru batu zituzten: “Hurrengo egunetan ere gerturatu da jendea gugana non sinatu daitekeen galdetzera”.
Udalaren araudiaren arabera, bozkatzeko ahalmena duten bizilagunen %5aren sinadurak behar dira gutxienez galdeketa bat egiteko. Gutxieneko hori erabiliko du Donostia Galdeketa taldeak ere galdeketa egiteko zilegitasuna lortzeko. Hau da, 8.000 firma inguru bildu beharko ditu.
Horretarako, auzoz auzo antolatuta dauden Gure Esku Dagoko taldeak aktibatu nahi dituzte:?”Auzoz auzoko lanketa egitea izan da beti gure helburua; izan ere, ez da gauza bera Amara, Erdialdea, Antigua edo Altza”. Oraindik ez dakite non eta noiz egongo den sinatzeko aukera. “Laster jakingo dugu auzo bakoitzeko taldeek zer erabakitzen duten; Antiguari dagokionez, larunbat goizetan auzoan mahaia jartzea erabaki dugu bizilagunek bertan sinatu ahal izateko”. Bestalde, hiriko eragileekin eta alderdi politikoekin ere harremanetan jarri dira, euren inguruan sinadurak biltzeko.
Firma bilketarekin batera galdeketa egin ahal izateko finantzazioa ere bilatu nahi dute: “Galdeketa bat antolatzeak kostu handia du, 120 mila euro inguru. Guk ez daukagu diru laguntzarik eta denok borondatez ari gara lanean”. Oraingoz egutegiak dituzte salgai, baina aurrera begira bestelako material batzuk ere saldu nahi dituzte. Bestalde, azaldu dute posible dela
crowdfunding kanpaina bat abiaraztea: “Egitasmo herritar bat da, herritarrek egiten dugu eta beharrezkoa da herritarren sostengua edukitzea”.
Bestalde, uste dute behin sinadurak bilduta iritsiko dela unerik garrantzitsuena: galdera adostea: “Herri bakoitzak bere galdera adosten du eta hori oso garrantzitsua da; agian nik egin nahi dudan galdera ez da Peruk egin nahi duen bera baina helburua adostasun batera iritsi, eta biok betetzen gaituen galdera bat egitea da”.
Oraindik galdeketa egin arte bide luzea dute aurretik, baina argi dute bidea dela garrantzitsuena: “Bidea urratzen hasi gara eta aurrera goaz”. Rosalesek dio ez duela Kataluniako egoerarekin konparaketetan hasi nahi, baina honela nabarmendu du: “Katalunian ere herri eta auzoetan galdeketak egiten hasi ziren eta gero Espainiako estatuak debekatu arren, galdeketa bat egitea lortu zuten”. Hemen halako zerbait egiteko bidea pixkanaka egiten joatea garrantzitsua dela uste du, eta horretarako, galdeketa “sinboliko” hauek garrantzitsuak direla dio.