Antiguako jaiak. (Argazkia: Antiguako jaiak)
Ostegunean hasiko dira
Antiguako sansebastianak, eta antolatzaileek kontatu dutenaren arabera, aurreko urteetan baino egun gehiago izango dira festaz gozatzeko. “San Sebastian eguna asteburuan izanik, aurten hiru asteburuz ospatuko ditugu gure jaiak!”, azaldu dute. Urtarrilaren 11n hasi eta 28an bukatuko dira. Festa egunez betetako hilabetea dator, beraz, Antiguakoentzat.
Ostiralean ohiko poteo elegantea egingo dute auzoan zehar. Benta Berritik abiatuta Matia kalerantz abiatuko dira 19:00ak inguruan. Larunbat gauean zuzeneko musikaz gozatzeko eta parranda egiteko aukera izango da frontoian. Pelax, Rukula eta Selektah Stepi izango dira gaua girotzen.
Buruhandiak, ttuntturroak, ipuin kontalariak, txotxongiloak, dantzariak, Iraunkorrak txaranga, Bizi DJ-a, elektrotxaranga, Taberna Ibiltariko lagunak, mus txapelketa, kontzertuak, bazkaria, danborrada… Ohiko jarduerak egingo dituzte jaien egitarauan, baina berritasun batzuk izango dira. Emakumezkoen lehen pala txapelketa, adibidez.
Sorpresa ere bai kuadrilen Bazkarian, aurten beste toki batean egingo dute eta: Pio Barojako kiroldegian. Urtarrilaren 27an elkartuko dira han, goxo-goxo bazkaltzeko. Gainera, Gaskonia plazan karpa handi bat jarriko dute lehenengo asteburuan. Beraz, euria egiten badu ere, jaiek aurrera egin ahal izango dute. Karparen barruan babestuta egingo dute haurrentzako merendola, antzerkia, zumba, haurrentzako jolasak, luntx herrikoia eta beste hainbat jarduera.