Mari Carmen Basterretxea. (Argazkia: Iñaki Agirre)
Hogei urtez ikertu zuen Mari Carmen Basterretxea (Ondarroa, 1958) gizarte antropologoak antzinako euskal kultura ’Euskal Herria, kultura matrilineala’ liburua argitaratu aurretik, ikuspuntu patriarkalak ezarritako matriarkaturen kontzeptua birplanteatzeko asmoz. Ikerlaria izateaz gain, Donostiako EASO Ikastetxe Politeknikoko irakaslea da ere.
Hogei urte pasa zenituen euskal kultura matrilineala ikertzen. Zerk eraman zintuen horretara?
Antropologia ikasten hasi nintzenean, kulturaren garrantziaz jabetu nintzen, eta zenbait galdera etorri zitzaizkidan burura: Zer da euskal kultura? Nondik gatoz? Zer gelditzen zaigu gure jatorrietatik?
Hori aztertzen hastean, matriarkatuaren gaia maiz agertzen zen ere, baina ni ez nintzen kontzeptu horrekin gustura sentitzen. Matriarkatuan emakumeek botere osoa zutela zioten horretaz hitz egin zuten lehen autoreek, baina euren mentalitate patriarkaletik eraiki zuten ideia hori.
Antzinako gizarte hura zure kabuz ikertzeari ekin zenion orduan.
Bai. Euskal Herri osotik material etnografikoa hasi nintzen biltzen, Gipuzkoa eta Bizkaiko itsasalde eta baserri giroetan bereziki. Herri txiki eta etxeetan.
Hor konturatu nintzen akats akademiko bat zegoela. Umeen zaintzaz eta sukalde lanez arduratzen ziren gizonezkoak topatu nituen ikerketetan. Emakume boteredunen eredu hartatik urrun, gizon eta emakumeen arteko harreman orekatuak topatu nituen, hain zuzen.
Mendeetan atzera euskal gizartea berdintzaileagoa zela diozu, hortaz?
Topatu nituen arrasto horiek belaunaldiz belaunaldi heldu zaizkigun erreferentziak dira. Aspaldiko gizarte horretan, bizitzeko era hura normala zela esan nahi du horrek.
Sistema patriarkalak, ordea, gure gizartea kutsatu eta rolen araberako desberdintasunak sortu zituen ondoren. Baina rol horiek lehen ez ziren hain desberdinak!
Zertan datza kultura matrilineala?
Gure arbasoen lehendabiziko taldeak eredu matrilinealean antolatzen ziren. Taldearekiko pertenentzia amarengan oinarritzen zen eta horren arabera eraikitzen zen senide-egitura.
Aitaginarreba, amaginarreba, osaba, izeba, iloba… Guztiek daramate
-ba atzizkia. Horrek amarenganako pertenentzia adierazten zuen, eta amaren aldetik zetozenak soilik ziren etxekoak: amaren anaiak, amaren osaba-izebak, seme-alabak…
Etxeko umeak zaindu eta aitaren funtzioak egiten zituena osaba zen, adibidez, umeen aita biologikoa bere amaren etxean bizi baitzen. Osaba hitzak osatu hitzean du bere jatorria.
Eta linealtasunaren ideiaz zer esango zenuke?
Etxe barruko eredu hori gizarte osora zabaltzen zelako da lineala. Kultura horrek ez zuen etenik. Gizarte antolakuntzan, filosofian, sinesmenetan… Beti zegoen presente.
Mari pertsonaia mitologikoaren eta sorginen irudiei buruz hitz egiten duzu liburuan.
Bai. Niretzako garrantzi handia dauka alde filosofikoak, gizarteak horren arabera arautzen baitu bere bizimodua. Euskal kulturan Mari topatzen dugu ama lurraren irudi bezala. Lurra sakratua zen gure arbasoentzat, behar zuten guztia ematen zielako: janaria, sua, babesa, etxea…
Mari ama lurraren irudia zen bezala, bere inguruan beti sorginen irudia ageri zen ere. Sorginak Mariren aginduak betetzen zituzten emakumeak ziren, eta biak dira irudi femeninoak.
Gizartearen aspektu filosofiko horren eta etxeko errealitatearen arteko lotura zuzenaz jabetu nintzen orduan.
Mari etxeko andrea izango litzateke, emakume jakintsua, esperientzia handikoa. Alabak, berriz, sorginak izango lirateke, bere aginduak bete eta ama errespetu osoz tratatuko dutenak. Oso garbi ikusten da hor ardatz matrilinealaren presentzia.
Milaka urteko transmisio hori XX. mendera arte mantendu dugu. Herri txiki askotan Mari oso presente dago oraindik ere.
Noiz hasi zen kultura horren ahultze prozesua?
Kultura matrilineala ez zen Euskal Herrian bakarrik existitu, Europa osoan baizik. Kontinente osoko herrialdeak ziren lehen matrilinealak. Indoeuroparren iristearekin hasi zen, ordea, kultura horren dekadentzia. Talde militarretan iritsi ziren indoeuroparrak, zeharo hierarkizatuak eta agintean soilik gizonezkoak zituztelarik.
Horrelako hiru uholde gogor etorri ziren Europara eta azkenean kontinente osoa gelditu zen kolonizatua. Gu, ordea, nahiko babesturik egon ginen Euskal Herriko orografiari esker.
Erromatarrak etorri ziren ondoren, euren hierarkia piramidalarekin, eta beste kolonizazio prozesu gogor bat jasan genuen.
Orduan hasi zen egungo eredu patriarkalera eraman gaituen ibilbidea?
Esan bezala, Euskal Herrian babestuta geratu ginen gure mendi eta orografiarengatik. Horrek gure eredu kulturala mendeetan zehar mantentzen lagundu zigun.
Erromatarren ondarea inguruko lurraldeetan oso errotuta geratu zen, ordea. Gaztelako Erresuma sortu zenean, beste kolonizazio prozesu batekin hasi ziren, gurean. XVI. mendean haustura oso garrantzitsua jasan zuen gure kulturak. Batez ere, eliza katolikoa botere guztiarekin sartu zelako gizartean, kultura matrilineala ezabatu eta kultura patriarkalarengatik aldatzeko asmoz.
Orduan hasi zen gure kolonizazio prozesu gogorra. Egungo gizartean oraindik jarraitzen duena.
Euskaldun askok ez dute gure arbasoen kulturaren berri izan. Zergatik?
Botereari komeni ez zaiolako. Euskaldunok gure historia eta kulturaz benetan jabetuko bagina, hori mehatxu bat izango litzateke gaur egun oraindik bizi dugun kolonizazio prozesuarentzat.
Prozesu hori bukatzeko gutxi gelditzen zaiela ikusten dute kolonizatzaileek. Kasu honetan, gu denak espainolak bilakatzeko prozesua, alegia.
Euskaldunok nor garen eta nondik gatozen gogoratuko bagenu, gure nortasuna sendotuko litzateke, eta hori mehatxu gisara ikusiko lukete boteredunek.
Gizarte matriarkalaren zenbait arrasto bizirik jarraitzen dutela aipatu duzu, ordea.
Bai. Hirietan zaila da arrasto horiek ikustea, baina ikusgarriak dira oraindik herri txikietan. Herri txiki askotan etxea alabarentzat izaten da, adibidez. Elizak maiorazkoa inposatu bazuen ere, hori oraindik mantentzen da.
Gure hizkuntzan antzinako zenbait errituren arrastoak topa ditzakegu ere.
Atsolorra, euskal jaiotza erritua, berreskuratu egin dugu, adibidez. Usurbil, Ereñotzu eta Hernani aldean hitz hori bizirik dago oraindik. Etxean emakume bat haurdun geratzen zenean, esperientzia handiko inguruko emakume jakintsuak laguntza ematera joaten ziren, eta erditzeko egunean ere han egoten ziren. Hortik datorkio izena jaiotza errituari:
Atso, emakume jakintsu, eta
lorra, konpromisoa.
Jaiotzaren ondoren, ama sendotzen zenean, herri guztia joaten zen umearen jaiotza ospatzera, eta hor herriak umea babesteko konpromisoa hartzen zuen. Umea ez zelako amarena bakarrik, komunitate osoarena baizik.
Arrasto horietako asko hizkuntzan geratu dira islaturik, hortaz.
Hala da, bai. Hizkuntza pentsamoldeari lotuta dago.
Gure hitzaren erabilera oso aipagarria da. Hitz hori oso erabilia izan da beti euskal gizartean:
gure etxea, gure ama, gure umea… esaten dugu. Horrek etxeko pertenentzia agertzen du. Denok gara etxekoak eta etxekoenak.
Gure egin beharrak eta gure lurrak auzolanaren bitartez lantzen genituen. Bizitza oso komunala zen orduan, eta hortik datozkigu,
batzarra eta
auzolana hitzak, besteak beste.
Belaunaldi berrietan, ordea, hitz egiteko modu hori galtzen joan da denborarekin. Orain,
nire etxea, nire umea, nire ama… entzuten dira askoz ere gehiago. Pribatizatuta dago dena gaur egun. Indibidualizatua.
Zertan zabiltza momentu honetan?
Ikertzen jarraitzen dut, hau hasiera besterik ez delako izan. Zenbat denbora eramango didan ez dakidan arren, nire asmoa liburu honi jarraipena ematea da.