Emakumeen Saskibaloi Ligako seigarren postuan dago IDK Gipuzkoa; aldaketa asko izan dituzten arren, taldea oso batua dago eta Espainiako Koparako sailkatu dira.
Azu Muruguza eta Onintza Aduriz; IDK Gipuzkoa.
Azu Muruguza eta Onintza Aduriz. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Denetariko bizipenak izan ditu IDK?Gipuzkoarekin Azu Muguruza entrenatzaileak (Antigua, 1968). Momentu gozoak bizitzen ari da azken urteetan, eta horren lekuko izaten ari da Onintza Aduriz jokalaria (Aiete, 1991). Biekin bildu gara, taldearen berri izateko, denboraldiaren erdian.
Urteak daramatzazue klubean eta aldaketak ezagutu dituzue. Konta ezazue zein izan den zuen ibilbidea.
Azu Muguruza (A. M.): Nik, egia esan, urte mordoa daramatzat, jada ez ditut kontatu ere egiten. Espainiako unibertsitate ligetan hasi ginen, gero Espainiako Ligara igaro ginen eta hor egon ginen sei urtez. Bigarren mailara jaitsi ginen eta hor egin genituen beste sei urte. Lehenengo mailan bosgarren urtea dugu orain.
Onintza Aduriz (O. A.): Nik bederatzigarren denboraldia dut. Bera Beran hasi nintzen beheko mailetan, baina juniorra nintzela, astean zehar, Azuren taldearekin entrenatzen nuen. Seniorreko nire lehen urtean, taldean sartu nintzen, bigarren mailan zegoela. Lau igoera fase jokatu genituen, eta laugarren horretan igoera lortu genuen, orain arte. Nik uste dut urtez urte gure helburuak betetzen joan garela.
Iaztik aldaketak izan dituzue. Nolako taldea duzue?
A. M. : Hori da arazoa, taldeak aldaketa asko izan dituela. Ezinezkoa da urtero talde bera mantentzea, baina guk zortea dugu eta bertako jokalarien multzo garrantzitsua dugu. Egia da kanpotik etortzen diren jokalariek alde handia markatzen dutela, eta iazkoek maila oso handia zuten… zaila zen haiek ordezkatzea. Aurten, hainbesteko talenturik gabe, defentsa hobetuta eta talde lanari esker, aurrera egin dugu. Kuriosoa da gure bi jokalari ama direla.
Jokalari berriak egonda, moldatu behar izan zarete. Nolakoa da zuen egunerokoa?
O. A. : Jokalari berri asko etorri dira, bai, eta ingelesez hitz egin behar izaten dugu taldean. Hala ere, harrigarria dirudien arren, asko batu gara eta denak bat eginda gaude. Entrenamendu saioetan denak ahalik eta hoberen egoten saiatzen gara.
Badator harrobia atzetik?
A. M. : Zikloak izaten dira. Onintzaren belaunaldiari zuku handia atera genion, gero Sararekin eta Mariarekin izan dugu bigarren belaunaldi bat, eta orain, Ane Esnal gurekin entrenatzen ari da. Ez da erraza, baina ez litzateke bideragarria izango bat-batean liga honetan jokalari asko ateratzea. Egun, 18 urterekin goian egoteko, sekulako talentua izan behar duzu.
Liga garaipen askorekin hasi zenuten, baina gero porrot dezente izan zenituzten jarraian. Zein irakurketa egiten duzue?
A. M. : Irabaztea edo galtzea egoeren araberakoa da. Garrantzitsuena da lanerako talde ona sortu dugula eta hasieratik oso ongi batu direla. Denboraldi aurrea motz geratu zitzaigun, eta talde zein taktika mailan bagenituen hobetzeko kontuak. Porrotak etorri behar izan ziren lanari gogor ekiteko, eta orain taldea helduagoa nabaritzen dugu, kohesio handiagoarekin.
O. A. : Egia esan, taldean izan genuen beheraldia. Hala ere, ikusten genuen astez asteko lana ona zela, denok jarrera onarekin gentozela, eta Azuk babes guztia ematen zigula, lan ona egiten ari ginelako. Egoerari aurre egin genion baikortasunez.
Ligan zein da zuen helburua?
A. M. : Aste honetan saiatu naiz jokalariak kontzentratu daitezen, Zamoran dugun ligako partidari begira. Garrantzitsua da partidak irabazten jarraitzea.
O. A. : Iaz lortu genuen play offerako sailkatzea, eta uste dut denoi gustatuko litzagukela berriro ere hor egotea.
Kopa jokatzeko sailkatu berri zarete. Sinisten duzue jada?
O. A. : Sinisten dugu, baina hara iritsi eta barruan egon arte, ez gara kontziente izango. Niri sekulako ilusioa egin dit sailkatu izanak. Gure esku zegoen sailkatzea, gainera, lehenengo mailarako igoera lortu genuen kantxa berean izan zen. Norgehiagoka osoa kontrolpean izan genuen eta amets bat betetzea izan zen.
A. M. : Nik ez dut hau baino gehiago nahi. Niretzat oso garrantzitsua zen taldeak sari hori izatea. Lan handia egiten dugu maila guztietan, eta niretzat saria oso handia da, oso harro nago.
Zaleen babesa nabari duzue?
O. A. : Duela urte batzuk baino jende gehiagok jarraitzen gaitu. Iaz lauko finalerako sailkatu ginen, eta aurtengo liga hasieran garaipen asko lortu genituen. Emaitza horiek lagundu digute eta komunikabide gehiagotan atera gara. Batzuetan Gaska beteagoa ere nabaritzen dugu.
A. M. : Izugarria izan gabe, bai nabaritu dugu hazi egin dela emakumeen kirolaren jarraipena komunikabide guztietan. Horrela ikusarazi egiten gaituzte eta jendeak gehiago jakiten du gure berri. Argi dago zaleei irabaztea gustatzen zaiela, eta garaipenek zaleak erakartzen dituztela.
Ligaren maila zein da?
A. M. : Bosgarren denboraldia dugu liga honetan, eta igo ginen urtea krisiarena izan zen. Beheraldi handia egon zen, eta jokalari asko kanpora joan ziren jokatzera. Gerora, urtez urte maila igotzen joan da, talde hobeak osatzen dituzte guztiek eta guk ere oso ongi lan egin behar izaten dugu mantentzeko.
Beste bi euskal taldeak nola ikusten dituzue?
A. M. : Gernikak zorte txarra izan du, lesioak eta aldaketak izan ditu. Lehen itzulia ez dute nahi bezala osatu, baina laster gora egingo dutela uste dut, play offetan sartzeko borrokan. Gasteizko Araski erregularragoa izan da, eta ikusiko dugu nola moldatzen den bigarren itzulian.
Gaskan gustura jokatzen duzue?
O. A. : Oso ongi dago, bai, baina kosta egiten zaigu betetzea. Emakumeen ligako talde batentzat, sartzen den jende kopurua oso handia da, baina giroa osatzen denetan, asko eskertzen dugu. Azken batean, zaleak kantxako seigarren jokalaria dira.
Hurrengo asteburuan datorkizue Kopa, Zaragozan, urduri zaudete?
A. M. : Uni Ferrolen aurka jokatuko dugu. Guk etxean irabazi izan diegu, eta haiek guri euren etxean, baina oraingoan zelaia neutroa izango da. Euren multzoan lehenengo sailkatuak dira, eta zerbaitegatik izango da, baina Koparako sekulako gogoa dugu eta edozer gerta liteke.