'Saharaz blai' bideo lehiaketa babestu du Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak
Arabako SEADen Lagunen Elkarteak antolaturiko Saharaz blai bideo lehiaketara aurkezteko epea zabalik da, hilaren 31ra bitarte. Euskal Herriko zein errefuxiatu sahararren kanpamenduetako 16 eta 25 urte arteko gazteei zuzendurikoa da. Lehiaketak Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren laguntza dauka.
“Ura edukitzea giza eskubide bat da. Baina kutsaduragatik, gerrengatik, klima-aldaketagatik edo lurraldearen okupazioagatik, Mendebaldeko Saharako kasuan bezala, eskubide hori urratzen da”, dio antolakuntzak. Horrela, uraren gainean hausnartzea da lehiaketaren helburua.
Parte hartzeko oinarriei dagokienez, bideoek gehienez 150 segundoko iraupena izan dezakete, eta urtarrilaren 31a baino lehen aurkeztu behar dira lehiaketaren webgunearen bidez: www.saharazblai.org.
Sarituek Tindufeko saharar errefuxiatuen kanpamentuetan astebete pasako dute Saharako Abidin Kaid Saleh Zinema Eskolako ikasleekin batera. Aldi berean, Saharako kanpamentuetan ura nola kudeatzen den azalduko duen film labur bat sortuko dute han saritzen dituzten saharar gazteekin batera. Filma apirilean Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian eta maiatzean FiSahara Zinemaldian eskainiko dute.