Amara Berri ikastetxearen danborrada, iaz.
143 danborrada ofizial aterako dira aurten, San Sebastian egunean, hiriko kaleak alaitzera. Horietako hiru lehen aldiz aterako dira; beste batzuek, berriz, urte mordoa daramate.
Gutxi falta da hiriko kaleak danbor doinuz betetzeko. Gauerdian hasiko dira lehen danbor hotsak eta ez dira geldituko 24 orduz, Bandera igoerarekin hasi eta jaitsierarekin, etenik gabe. Gainera, aurten berrikuntza batekin dator San Sebastian eguna; Union Artesanarekin batera danborrada bakoitzeko ordezkari bat igoko da oholtzara bandera jaitsieran Sarriegiren sei martxak jotzera.
143 danborrada ofizial aterako dira aurten; Urki Arraun elkartearen danborrada herrikoiarekin 144, iaz baino hiru gehiago. Urtez urte ari da hazten danborrada kopurua, eta kopurua gehien igo zen 2010 eta 2018 urte bitartean; epe horretan 38 danborrada berri sortu ziren.
Danborraden hazkundea, ordea, ez dute danborrada berriek soilik ekarri, izan ere, asko dira urte luzez San Sebastian egunez makilak astintzera ateratzen direnak. Horietako batzuek ehun urtetik gora daramatzate, Groseko Umore Ona edo Antiguako Gazteak danborradek, adibidez. Lehenengoa 1908an sortu zuten eta bigarrena 1896an. Bestalde, asko dira aurten urteurrena ospatuko dutenak. Esaterako, mende laurdena beteko dute Amara Berri Ikastetxeak, Catedral Centenariok eta Amigos del Europak. Hogei urte beteko ditu Intxaurrak, Intxaurrondoko lehen helduen danborradak, eta 15. urteurrena ospatuko dute Katalina Erausok, Aizepek, Easo Politeknikoak eta Euska Herriko Unibertsitateak.
Urteurrena ospatzeko
Horietako batzuek urteurrena modu berezian ospatu nahi dute. Amara Berriko Ikastetxeko danborradak, adibidez, martxa bat asmatu du larunbaterako. Esteban Velascok eta Josetxo Fernandez de Ortegak konposatu dute.
“Asko gustatu zaigu konposatu diguten martxa, indar handia dauka eta uste dugu jendeari gustatuko zaiola», azaldu du Jesus Ausejok, Amara Berriko Ikastetxeko danborradako kideak. Bestalde, mende laurdena ospatzeko, Loli Anaut irakasle ohia omenduko dute. “Urtero omentzen dugu auzoaren alde lan egin duen norbait, baina aurtengoa berezia izango da”. Anautek asmatu eta abiarazi zuen Amara Berriko hezkuntza proiektua: “Frankismo garaian Durangon aritu zen lanean baina han ezin izan zuen proiektua martxan jarri. Ondoren, Amara Berrira etorri zen eta hemen lortu zuen bere proiektua abian jartzea”. Urte horietan guztietan egindako lanagatik omenduko dute danborradaren aurretik, 19:15ean. Ondoren, 19:30ean Amara Berriko ikastetxeko jolastokian emango diote hasiera danborradari. Gainera aurten, minutu bateko isilunea egingo dute Jose Luis Fernandez Suarez auzotarraren oroimenez. Hiritar Merezimenduaren domina jaso zuen Suarezek 2010ean, eta Amara Berriko auzo elkartearen lehendakari ohia izan zen.
Omenaldirik eta omendurik ez da faltako Kresala elkartearen helduen danborradan ere. Aurten, Maria Samanes eta Sara Zamorano omenduko dituzte 25 urtez danborradan ateratzeagatik.
Alkatearen pertsonaia haur danborradan
San Sebastian egunaren ospakizunetan 8.046 haur aterako dira danborra jotzen, eta aurtengo danborradak berrikuntza bat izango du Easo Ederraren karrozan: alkatea. Lehen aldiz, XIX. mendeko gizarte zibileko beste pertsonaiekin bat egingo du. Neska batek irudikatuko du pertsonaia berria.
Alkatearen pertsonaia eta karrozan joango diren gainerako umeak San Patricio ikastetxekoak izango dira: batelera, arrantzalea, Donostiako hiritar bat, iñudea, artzaina, irulea, merkataria, urketaria eta mandazaina. San Patriciokoak izango dira ere Easo Ederra eta bi damak, jenerala eta laguntzailearen modura. Aurtengo Danbor Nagusia, berriz, Ane Atxotegi Butron izango da, Ibai Ikastolakoa.
Bestalde, azaldu dute iragarri moduan eguraldi txarra egiten badu, haurren danborrada bertan behera geratuko dela; kasu horretan igandean egingo lukete.