'Urtebete kiroldegia falta dugula'
Orain dela urtebete hasi ziren Altzako kiroldegia botatzeko lanak. Ordutik, hainbat bilera izan ditugu udaleko ordezkariekin, udaletxean bertan eta baita Altzako kultur etxean ere, hitz egiteko kiroldegi berria egiteko epeez eta amiantoz kutsatutako lurrei eman beharreko irtenbideez.
Bitarte honetan, denetarik entzun behar izan dugu: “fardela dugu bizkar gainean”, “lur kutsatuena arazo konplexua da”, “ez dago araudirik”, “ez dago udalaren esku, goragoko beste erakunde batzuen gain dago (Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saila)”, “Ezin da korrika eta presaka egin, egitasmoa moldatu beharko litzateke; gure esku dagoen guztia egiten ari gara, badago aurrekontua eta diru saila, hori ez da arazoa, denbora behar da”. Urtebete geroago, erantzun digute 2020an edo 2021ean amaituko dutela kiroldegia.
Esan genien bazutela tramiteak azkartzea, nahi izatera, batez ere, kontuan izanik hemen gertatu dena negligentziaren edo utzikeriaren ondorio izan dela, beste aldera begiratzeagatik gertatu dela. Esan genien, azkeneko bi hamarkadetan, eta lehenago, agintean izan diren udal gobernu eta korporazioak osatu dituzten alderdi guztiek jakinaren gainean egon behar zutela, kutsatutako lurren egoeraz, kutsatu duten industriek utzitako ondareaz, agintzen duten udalerrietan eta auzoetan gertatzen denaz eta gertatzen ez denaz, bizilagunen beharrez, arazoei aurrea hartzeaz, aurreikusteaz.
Izango da Altza ez zaielako eskura geratzen, pittin bat urrun zaiela, aldirietan bezala, eta pasa egin zaiela. Altzak ez baitu “marko inkonparableak” duen distira hori, ezta lorategi koloretsurik ere, ezta hondar urrekarazko Kontxarik ere, ezta erostera bultzatzen diguten eta gau hotzak apaintzen dituzten argi distiratsurik ere. Altzak pertsonak ditu, jendea, jende asko, etxe apaletan bizi dena, herritik at joan beharra duena lanerako, erosketak egiteko, mediku espezialistetarako, hezteko, aisiaz gozatzeko…eta orain, baita kirola egiteko ere, kirol instalaziorik gabe utzi baikaituzte, eta luzerako hitzeman digute. Eta ziur hori beteko dutela.
Maria Jesus Botana Costoya (Altza)