Ze Esatek! taldea. (Argazkia: Eider Iturriaga)
Donostiako Ze Esatek! taldeak ‘Ibilita ikasten da erortzen’ azken lanaren kontzertu bira hasiko du Amurrion, asteburu honetan. birako hirugarren zuzenekoa Dokan eskainiko dute, hilaren 27an.
Amurrion abiatuko duzue kontzertu bira San Sebastian egunean. Nola da posible?
San Antonetan fede jarri dugu, ordezko duina izango delakoan. Edonola ere, asko guraso garen honetan eta lanak eta txarangak tartean, atzean utziko duguna ez da izango duela hamarkada bateko San Sebastian basatia. Beraz, Amurrio, egin dezagun festak merezi dezan.
Hainbat donostiar zaudete taldean. Festa modu berezian bizi duzue?
Ur handitan sartu nahi izan gabe, folklorearen eta tradizioaren beste hainbat aspektu bezala errebisioa eskatzen duen festa da. Konstituzio plazan martxa entzun eta gutako asko hunkitu egiten gara ezbairik gabe, baina oholtza gainean betiko gizonak ari direla danborrean, jantzien genero bereizketa nabarmena dela, urtean zehar emakumezkoei ixten zaizkien elkarteetan tragoak hartzen ditugula batzuetan… Kontraesanarekin bizi dugu. Egia da, festa hau baino gehiago dela eta badirela danborrada askeak ere, auzokoak eta hori bai bizi dugu gutariko askok. Honekin guztiarekin, Amurrion egurra emateko jantzia eramango dugu eta ez dugu atsedenerako paradarik emango, baina izango dugu Donostiakoa gogoan.
Urtarrilaren 27an, ordea, Antiguako Doka aretoan izango zarete. Berezia izango omen da. Zergatik?
Arrazoi askorengatik. Batetik, gogotsu gaude abesti berriak eskaintzeko, eta etxean aurkezteko aukera berezia izango da. Gainera, gure bigarren etxea da Doka. Parranda asko bukatu ditugu bertan. Bestalde, gurekin azken diskoaren ibilbidea konpartitu duten pertsonak izango dira gurekin. Azkenik, barne arrazoiak ere baditugu. Antton tronpeta jotzailearen agurra izango da, eta 3gabe2 taldeko Markelen ongietorria.
Kolaborazio bereziak egongo dira, ezta?
Bai, zalantzarik gabe. Kobaneko Elik, Rakelek, Onintzak eta Jonek diskoan kolaboratu bezala taula gainean ere izango ditugu. Esti ere gurekin izango da. Horiez gain, Pello (Skakeitan), Andoni (3gabe2) eta Garazi Esnaola ariko dira gurekin batera. Zenbatzen hasita, 3gabe2 taldeko lau kide pasako dira agertokitik.
Sarrerako dirua Antiguako Jai Batzordearentzako izango da. Zer dela eta?
Kontzertua Dokan da, eta auzoko festak dira bete betean. Auzoko taldea gara eta inplikazio politikoa dugu. Ez genuen inongo momentuan antolakuntzarekin lehian aritu edota hauentzat zailtasun izan. Badute nahiko jasotzen dituzten diru-laguntza gutxiekin. Beraz, beraiekin antolatu dugu kontzertua eta egiten duten lana eskertzeko hartu genuen erabaki hori.
Ibilita ikasten da erortzen disko berriaren ondorioz, zuzeneko errepertorioa asko aldatu duzue?
Abesti berri dezente egongo dira errepertorioan. Abesti zaharrak aukeratzerako garaian ere hau izan dugu kontuan eta koherentzia ematera aldera, punk-rockeroenak aukeratu ditugu. Hortaz, kontzertu oso zuzena eta indartsua geratu zaigu, atsedenik emango ez duena. Dantzagarria, baina erritmo handikoa.
Klasikoak ez dira faltako, ezta?
Ze Esatek gara oraindik jakina, denek abestuko dituzten abestiak egongo dira jakina. Aspaldi jotzen ez genuen baten bat ere berreskuratu dugu beraz, animatu dadila ordu eta laurdenez gurekin gozatu nahi duen edonor!