Aitor ikastolak 50 urte bete ditu, eta irailetik hainbat jarduera egiten ari dira ikastetxeko kideak, auzo osoak jakin dezan urteurren biribila ospatzen ari direla, eta beraiekin bat egin dezaten.
Julen Etxeberria zuzendaria, eta Aitziber Gurutzeaga gurasoa, ikastolako jolastokian. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Aitor Ikastolak 50 urte bete ditu 2017-2018 ikasturtean. «Beroketa prozesuan gabiltza irailetik», azaldu du ikastolako zuzendari Julen Etxeberriak. Belakiak jarri dituzte ikastolaren bi eraikinetan, urteurreneko logotipo berriarekin; eta salgai dituzte jertseak, kamisetak, motxilak eta txapak. Euskararen Egunean, esaterako, lipdub bat egin zuten auzoko kaleetan barrena, eta San Tomas egunean, postua jarri zuten: «Besterik gabe adierazi nahi dugu ospakizunean sartuak gaudela, eta auzokoak ere jakitea nahi dugu. Gure helburua auzoa da, auzorik gabe ez dugu zer eginik; Egiako ikastola gara eta auzoak ere hezi behar du». Horrela bada, egin duten zabalkunde kanpainaz gain, jarduerak egiten jarraituko dute, ekainerako prestatzen ari diren jai handia iritsi bitartean: «Urteetan gurekin egon diren jende guztiarekin partekatu nahi dugu jaia. Batez ere euskara, euskal kultura eta partehartzea bultzatu nahi ditugu». Logotipoa Ipar komunikazio grafikokoek egin dute, ikasle ohiak dira bertakoak, gainera, ikastolako sortzaileen alabak dira:. «Ez genuen 50 normal bat nahi, eta ukitu artistikoa eman diote».
Edozer antolatzeak «dirutza» suposatzen du Etxeberriaren esanetan, beraz, eta denen artean ari dira lanean: «Abesti bat egin du ikasle ohi batek, Pelaxek; eta dokumental bat ere osatzen ari gara». Sortzaileak sekretupean omen du abestia, baina ikasleekin grabaketa bat egin du. Dokumentala, berriz, hiru ordu laurdenekoa izatea nahi dute, eta, bereziki, elkarrizketen bidez osatuko dute, 1968ko sortzaileetatik abiatuta. Hala, bilduko dituzte ikastolaren sorrera, ibilbidea eta aurrera begira dituzten erronkak.
Bien bitartean, datozen hilabeteetarako lotua dute Goazen! telesaioko kideekin emanaldi berezi bat, kontzertu eta karaoke antzean. Realarekin ere hitzordu bat egitekoak dira, eta Aitzarte auzoko mendi taldeak irteera bat prestatu du. «Ikastolaren sorrera inguruan irteera bat egiten zuten Alkizara, guraso eta ikasleek, eta mendi buelta batekin berpiztu nahi dute ohitura hura»
Superlaguna badator!
Igandean egingo dute dirua biltzeko beste jardueretako bat:?Superlaguna ipuin kontalariaren emanaldia. Maria Reina elizaren antzokian egingo dute (Ametzagaina, 58), 17:30ean. Mundu hobe bat eraikitzeko baloreak aldarrikatu eta praktikatzen ditu Superlagunak: elkartasuna, aniztasuna eta berdintasuna, besteak beste. Sarrerak 5 euroan salgai jarri dituzte Arkatza eta Easo liburu dendatan, eta egunean bertan ere salgai egongo dira, 16:30etik aurrera.
Aitziber Gurutzeaga ikastolako ikasle ohia da, eta gaur egungo gurasoa; jaiaren antolakuntzan parte hartzen ari da, beste guraso eta irakasle batzuekin batera: «Asmoa da ekainerako dena bukatua izatea, eta jaia auzoan egitea, urteroko ikastolako festa bereziagoa eginez».