Jexux Arrizabalaga: 'Bi liburu berri eztabaidarako'
Elkarrizketa filosofikoak egiten urteak daramatzagu eta ohikoa izaten da noizbehinka gaia edo gaiak aldatzea. Dozena batetik gora lagun elkartzen garenez gaiaren aldaketa egiterakoan proposamen bat baino gehiago egon ohi dira eta orduan horietako bat aukeratzen da kontsentsuz. Aukeratutako gai horrek iraun dezake hilabete bat edo hilabete batzuk eta gaia jorratzean beste batzuk sor daitezke. Kontua da hor elkartzen garenok gustura, pozik eta gogoarekin aritzea.
Orain aukeratu dugun gaia Joseba Gabilondo urretxuarraren Populismoaz, subiranotasun globala eta euskal independentzia izena daraman liburua da. Ziur aski gai honen inguruan arituko gara pixka batean, izan ere modan dagoen gaia da. Modan dago egun bizi dugun munduak nola funtzionatzen duen azaltzen duelako. Ezin ukatu gertatzen eta hedatzen ari den globalizazioaren inguruan datozkigun aldaketak gure eguneroko bizitzan eragina dutela eta etorkizunari begira zer esanik ez.
Europan kokatuta dagoen estaturik gabeko herri txiki bat osatzen dugu eta ez daukagu erraza mundu berri neoliberal honi aurre egiten, kafean azukre koxkor bat desagertzen den bezala desagertu gabe.
AEBetako Michigan unibertsitateko irakasle honen liburuak hiru zati nagusi ditu. Lehenengo bietan populismoa zer den, Europan ezkerra zertan dabilen, Trump fenomenoa eta abar aztertzen ditu. Hirugarren zatia da politena eta dibertigarriena. Euskal Herrira etortzen da eta azterketa politikoa egin ordez azterketa psikoanalitikoa egiten du. Hiru alderdi edo koalizio hartzen ditu: EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin-Podemos. Esaten du EAJ psikotikoa dela; EH Bildu fetitxista eta Elkarrekin-Podemos neurotikoa. Eta arrazoiak ematen ditu eta zergatiak azaldu. Ados egon zaitezke edo ez, baina, ezin ukatu azterketa originala ez dela.
Bigarren liburua Jule Goikoetxea donostiarrarena da. Neska hau, EHUko irakaslea da eta liburuaren izenburua Demokraziaren pribatizazioa. Gure elkarrizketa filosofikorako aukeratu ez badugu ere ziur Josebarena bezala hau ere erabiliko dugula eztabaidan, izan ere gaia antzekoa da, alegia, nola egin aurre egungo kapitalismo globalari. Liburuak zazpi kapitulu ditu eta kapitulu horietan kapitalismoa, demokrazia, post guztiak, post subirautza, post nazionala… lantzen ditu. Azken hiru kapituluak Euskal Herriari lotuta daude: Nazioa, Federazioa, autodeterminazioa, Iparraldea, Euskal Estatu Erakundeak (EEE) eta beste zehaztasun gehiago gure herriaren inguruan.
Niri bigarren zati hau gustatu zait bereziki, gure errealitatearekin oso lotuta dagoelako, gure hurbileko instituzioak aztertzen dituelako. Egia esan irakurtzea bukatu dudanerako EAJn afiliatzeko gogoa eta dena eman dit.