"Gure lana kanpotik ere baloratzen dela ikusteko balio dute sari hauek"
Hungariako kaldereroak Donostiara iristear daude, beste urte batez, hiritarrei inauterien berri emateko. Kukai dantza taldeko hiru kide izango dira aurtengo kaldereroen erregina eta bi damak.
Errenteriako Kukai dantza taldeko kideak izango dira aurten Hungariako Kaldereroen Konpartsa Tradizionalaren Erregina eta bi damak. Nerea Vesga (Errenteria, 1982), Nagore Martinez (Donostia, 1975) eta Vanesa Castaño (Errenteria, 1980) izango dira, hain zuzen, larunbatean Hungariako kaldereroak festan zehar gidatzeaz arduratuko direnak.
Sorpresarik prestatu al duzue larunbaterako?
V. Castaño: Ezer berezirik ez, oraingoz. Giroa eta jaiarengatik utziko gara eramaten. Ea nola bukatzen dugun…
Noiz sortu zen Kukai dantza taldea?
N. Vesga: Orain dela 15 urte sortu zen konpainia bat gara. Euskal dantzatik abiatuta, gaur egungo ikuskizun garaikideak egiten dituena. Errenterian gaude kokaturik eta zazpi dantzarik osatzen dugu taldea.
Euskal dantza eta dantza garaikidea nahasten dituzue.
N. Martinez: Dantza tradizionalean oinarritzen gara, gero hortik ikuskizun garaikideak sortzeko. Estilo desberdinetako koreografo desberdinak gonbidatzen ditugu gurekin lan egitera. Gure dantzarekin batzen ditugu euren lanak eta hortik sortzen dira gure ikuskizunak.
Zein ardura duzue taldean?
V. C.: Nerea hasieratik dabil Kukaien dantzari bezala. Nagore, berriz, kudeaketa lanez arduratzen da. Ni hamar urtez ibili nintzen dantzari bezala taldean, baina orain noizbehinkako kolaborazioetan bakarrik hartzen dut parte beraien ikuskizunetan.
Gaur egun zertan zabiltzate lanean?
N. M.: Abendu bukaeraz geroztik ikuskizun berdina gabiltza prestatzen. Sharon Fridmanekin gabiltza orain lanean. Bera israeldarra da eta bere herriaren folklorean oinarritutako koreografo eta dantzaria da. Contact estiloa da bere esparrua. Elkarrekin gabiltza lanean eta apirilaren 30ean estreinatuko dugu ikuskizun berria, Erritu izena izango duena. Horretan gabiltza, hortaz, denak buru-belarri.
Zergatik hautatu dute kaldereroek zuen konpainia?
N.V.: Urtero norbait omentzen dute, eta aurten dantzan eta emakumean zentratu nahi zirela esan ziguten.
Zein egoeratan dago dantza Euskal Herrian?
V. C.: Galdera potoloa da hori… Onartu beharra dugu gu momentu honetan ez gaudela egoera txarrean, baina dantzari asko egoera oso prekarioak ari dira sufritzen.
N.M.: Kulturarekin orokorrean gertatzen da hori, eta arte eszenikoekin, batez ere. Lan asko egin behar dute eta baliabide gutxi izaten dituzte eskura dantzariek. Zerrendako azkenak gara industria honetan. Beste industria batzuk diru-laguntza eta erraztasun gehiago jasotzen dituzte.
Dantza baztertua dagoela diozue, hortaz?
N. M.: Kultura bera baztertu samarra dago, eta horren barruan dantza baztertuenetarikoa izan da beti. Nahiz eta azken urteotan aurrerapausoak eman diren, oraindik badago lan dezente egiteko. Dantza konpainia bat egunez egun aurrera ateratzea esfortzu izugarria da. Hemen hamar pertsonek egiten dugu lan, guztira. Nominan hilero hainbeste pertsona dituen Euskal Herriko dantza talde bakarra ez bagara, bakarrenetakoak izango gara. Eta guretzako ez da batere erraza egiten gurea mantentzea.
Beste konpainia batzuk ekoizpen garaian bakarrik hartzen dute jendea, edo emanaldiz emanaldi kontratatzen dituzte. Guk, berriz, urte osoan zehar ditugu dantzariak lanean, eta egiten duten lan horrek bere saria izan behar du ordainetan hilabete bukaeran.
Batzuetan, gauzak nola dauden ikusita, horrenbeste urteren ondoren konpainiak hemen irautea mirari bat dela pentsatzen dugu.
Jaso berri duzuen errekonozimenduak laguntzen al du?
N. V.: Egiten dugun lana kanpotik ere baloratzen dela ikusteko balio dute. Eta zure izena ezagutzera ematen dute gainera.
N.M.: Esfortzu baten ordaina da. Emanaldi kopuruan eta agendan ez da momentuan nabaritzen, noski, baina lanean jarraitzeko balio digute. Oihartzuna dugu, bai konpainia bezala eta bai ikuskizunetan eta etorkizunean, agian, ezagutzen ez gaituzten horiek gu ikustera etortzeko balioko du.
V.C.: Horrelako gauzek beti lagutzen dute, pixka bat bada ere. Pozgarria da. Baina lanean gogor jarraitu behar da ondoren. Hor dago gakoa.
Ez dirudi larunbaterako oso urduri zaudetenik. Ohituak zaudete jendaurrean egotera, ezta?
N.M.: Hori beraiengatik esan, ni ez nago horretara ohituta. Ikusiko dugu zer moduz doan.
N.V.: Ilusio handiz goaz. Oso ondo pasako dugula badakigu. Asko eskertzen diegu kaldereroei eskaini diguten gonbidapena.
V. C.: Eta ea euriak eta hotzak tarte bat ematen diguten. Baina beno, edozein kasutan, berotuko dugu barrena. Hori ziur!
Kaldereroekin batera, artzain eta inudeak ere hiriko kaleetara irtengo dira asteburuan giroa alaitzera. Groseko artzain eta inudeen konpartsarekin egon da IRUTXULOKO HITZA.
Kaldereroen eta inude eta artzainen egitaraua
Ostirala, 2
Zurriola Ikastola IKE: 15:00. Ikastolatik (Gros).
Intxaurrondo Hegoa IP: 15:15. Baratzategi 19 (Intxaurrondo).
Colegio Ntra Sra de Aranzazu: 15:15. Errondo gaina 121 (Aiete).
SUMMA?Aldapeta Ikastetxea: 15:15. San Bartolome gaina 26 (Erdialdea).
Jakintza Ikastola: 16:00. Ikastolatik (Antigua).
Larunbata, 3
Santa Barbara: 17:00. Oleta Ikastetxea (Altza).
Kai Harripe: 17:00. Trinitate plaza (Parte Zaharra).
Arrano Kultur Elkartea: 17:30. Plaza Haundi (Egia).
Amara Berriko kaldereroak: 17:30. Armeria plaza (Amara Berri).
Amarako kaldereroak: 18:00. Donosti Berri elkartea (Amara).
Groseko Hungariar Kaldereroen Konpartsa: 18:00. Jose Migel Barandiaran pasealekua (Sagues).
Herrera Kirol Elkartea: 18:00. San Luis plaza (Herrera).
Hungariako Galdaragileen Konpartsa Zaharra: 21:45. Santa Maria eliza (Parte Zaharra).
Igandea, 4
Groseko artzai eta inudeak: 11:15. Txofre plaza. (Gros)
Ikasbide Guraso Elkartea: 11:30. Ikasbide Ikastola. (Loiolako Erribera)
Kresala Elkartea: 12:00. Euskal Herria kalea. (Parte Zaharra)
Ostirala, 9
Santo Tomas Lizeoa: 15:00. Ikastolatik (Antigua).
Antiguako Pilotazaleok: 20:30. Benta Berriko kiroldegia (Antigua).
Larunbata, 10
Antiguotarrak Euskal Dantza Taldea: 12:00. Antiguako merkatu zaharra (Antigua).