"Erraustegia gelditu, birziklapena sustatu" lelopean manifestazioa egingo dute otsailaren 24an
Zubietako erraustegiaren kontrako manifestazioa deitu du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, otsailaren 24rako. Mobilizazioa 17:30ean hasiko da Gipuzkoa Plazatik. Bertan Zubietako lanen gelditzea eta Gipuzkoa osoan hondakin bilketa eraginkorra sustatzea aldarrikatu nahi dituzte.
“Dagoeneko jakin badakigu %80ko birziklatze tasa lortzea posible dela, horretarako bitartekoak jarri eta borondatea izanez gero. Modu honetan zabor nahasi ugari sortzea ekidin genezake, geratuko litzatekeen apurrarekin errausketa ez den beste irtenbide bat bilatzea posible izango genuke eta ez Gipuzkoan egin nahi duten bezala erraustegi toxiko bat inposatu eta 35 urtetan ordaintzen egon behar izatea”, azaldu dute antolatzaileek. Gaineratu dute aitzakiak bukatzen ari direla populazio handiko eremuetan ere: “Donostiak 288,80kg zabor nahasi sortzen ditu biztanle eta urteko”.
Hori dela eta, 2017ko martxoan plazaratu zuten alternatiba “guztiz bideragarria” dela adierazi dute: “Agintariek entzun gaitzaten, hurrengo otsailaren 24an manifestazio handia antolatu dugu Donostian”. Azaldu dute manifestazioko puntu garrantzitsutako bat herritarrak izango direla: “Hondakinak ondo bereizi eta egin beharrak txukun gauzatzen dituzten horiei ahotsa eman nahi diegu”.
Azkenik, elkartasuna adierazi nahi izan diete antolatzaileek Lasarteko Landaberri ikastolako irakasleei eta hezkuntza departamentuari, jaso duten adierazpen askatasunaren aurkako erasoen aurrean: “Erraustegia 500 merotara eraikitzen ari direlako kezka adierazi zuten pankarta baten bidez, eta kentzeko agindu diete”.