Juanjo Ugartemendia, Nagore Zubillaga, Bea Lopez eta Ines Arreitunandia Hizkuntza proiektuaren partaideak dira. (Argazkia: I. Esnaola)
Arantzazuko Ama ikastolak euskararen erabilera sustatzeko Hizkuntza Proiektu Integrala jarri du abian. Hilaren 27an Martuteneko gaztelekuan aurkeztuko dute.
Euskararen erabilera sustatzeko Hizkuntza Proiektu Integrala lantzen ari da Martuteneko Arantzazuko Ama ikastola. «Erabileran eragin nahi badugu gune berriak sortu behar direla uste dugu, eta hori auzoarekin elkarlanean egin nahi dugu», dio Nagore Zubillaga irakasle eta zuzendariak. Proiektua ikastetxe barruan prestatu eta familiei azaldu ondoren, hilaren 27an auzoko herritarrei eta eragileei aurkeztuko diete gaztelekuan, 19:00etan.
Duela lau urte ibilbide berri bati eman zion hasiera Martuteneko ikastolak. Bide propioa hartu zuen Astigarragako zatitik bereizi ondoren. Ikastetxe handia izatetik ertaina izatera pasa zen, eta Hezkuntza proiektua berritzea erabaki zuen zuzendaritzak.
Zubillagarekin batera, Ines Arreitunaindia ikasketa buruak eta Garbiñe Gerra idazkari eta auzokideak osatzen dute. «Hezkuntza proiektua berritu ostean, aurreko ikasturtean Hizkuntza proiektua eguneratzeko helburua zehaztu genuen», azaldu du Zubillagak.
Ikastola barruan lanean jarri ziren Hizkuntza proiektuari begira. Guraso talde bat osatu, irakasleak elkartu eta haurren hizkuntza erabilera diagnostikoa egin zuten. «Konturatu ginen ezin ginela ikastola eremura mugatu. Horrela, prozesua gelditu egin genuen pasa den ikasturte erdian. Aurrera egiteko auzoa beharrezkoa zela ikusi genuen», dio Zubillagak.
Batez ere, ondorio batek bultzatu zuen ikastola auzoa proiektuan barneratzeko: «Haurrak euskaraz aritzen ziren ikastolan, baina gure eremutik ateratzean gaztelaniaz hitz egiteko erabateko joera zegoela jabetu ginen».
Auzo elkartera eta euskara batzordera jotzea erabaki zuten, ikastolak hizkuntza erabileraren inguruan zuen ikuspegia azaltzeko. Gaztelekura eta haurtxokora ere joan ziren, eta guztiek euskararekiko joera bera ikusten zutela konturatu ziren. Guraso elkarteak ere begi onez ikusi zuen ikastolaren proposamena. «Beraien seme-alaben hezkuntza eta hizkuntza maila ona izatea nahi dute», dio Zubillagak. Harrera ona ikusita 2017-2018 ikasturtean Hizkuntza proiektu integrala abian jarri dute. «Ikastola, familiak, haurrak eta auzoa batu nahi ditugu».
Auzoaren iritzia
Martutene auzoko %40ak euskara ezagutza du, azken datuen arabera. Aldiz, erabilerak behera egin du nabarmen. «Ikastolan argi ikusi dugu erabilera sustatu behar dela. Auzoak ikuspegi bera duen eta beharra ikusten duten jakin nahi dugu», azpimarratu du Arreitunandiak. Horregatik, auzoko bizilagunekin eta eragileekin elkartuko dira. «Hemengo eragileak norbanakoak dira. Tabernariak, dendariak, elkarteetako kideak, futbol taldekoak, … Beraiek diren horretatik zer egin dezakete euskararen sustapenean?», gaineratu du Zubillagak.
Gutxirekin asko egin daitekeela dio Arreitunandiak: «Egunerokotasunean aldaketa txiki batek asko eragin dezake. Adibidez, auzoko denda gehienek informazioa gaztelaniaz eskaintzen dute. Hori bi hizkuntzetan jartzearekin pauso handia litzateke. Jarduera txiki asko egin daitezke auzoan bizi diren haurrei begira». Sentsibilizazio lanarekin asmatu behar dela gaineratu du.
Hizkuntza Proiektu Integrala aurrera eramaterako orduan ikastolak auzoko eragile desberdinekin elkarlana sustatu nahi dute. «Gure nahia asetzearekin batera auzoarentzat garrantzitsua izango den erreminta bat abian jarri nahi dugu. Auzo ekintzailea da Martutene eta guztiekin bat egin nahi dugu», esan du Arreitunandiak. Korrika auzora iritsi zen eguna gogoratu du Zubillagak. «Martutene bete egin zen, ikastolako ikasle, irakasle eta gurasoekin batera beste auzotar askok parte hartu zuten. Horrela lortzen da kontzientzia piztea, eta garrantzitsua da».
Gurasoen konpromisoa
Bea Lopez ikastolako gurasoa da, eta bere seme-alabek ikastolan ez ezik auzoan ere euskaraz hitz egitea nahi du: «Nik ez dut euskara ikasi, baina dakidana umeekin erabiltzen dut. Ordea, umeak parkean elkartzen direnean guztiek euskaraz jakin arren, gaztelaniaz hitz egiten dute. Hori ez dut ulertzen». Hizkuntza proiektua erabilera sustatzeko garrantzitsua dela uste du. «Haurrek euskaraz hitz egiteko gurasoak sentsibilizatu behar ditugu».
Ikastolako gurasoa ez ezik auzoko euskara batzordeko kidea Juanjo Ugartemendia. Proiektuaren berri izatean asko poztu dela aitortu du, auzoak bizi duen errealitatearekin kezkatua dagoela. «Bea eta biok Martutenekoak gara. Beste auzo bat ezagutu genuen, etorkin asko jaso zituena eta erabat erdalduna zena. Gutxi batzuk joaten ziren euskaraz ikastera. Gaur egun, ordea, nola da posible haur gehienak euskaraz jakinda gaztelaniaz aritzea?».
Arantzazuko Ama ikastola auzoko gurasoek sortu zuten euren seme-alabek euskaraz ikass zezaten. Orain, auzoan ere euskararen erabilera indartzeko prozesua landu nahi dute. «Gure nahia da auzoko eragile eta herritarrekin euskararen erabileraren inguruko diagnosi bat egitea. Beharrak identifikatu eta ekintza plana diseinatu, bat ikastolarentzat eta beste bat auzoarentzat. Gero indarrean jartzea da asmoa», azaldu du Zubillagak. Horretarako, Bagera elkarteko teknikari batekin ari dira lanean auzoari begirako lanketa egiteko. Era berean, Donostiako Udalaren laguntza izan dute hasieratik.