XX. mende hasierako Dublin hirian girotuta dago antzezlanaren istorioa.
Ados Teatroak James Joyce idazlearen
Dublindarrak ipuin laburren bilduma antzerkirako egokitu du. Bilboko Arriaga antzokian aurkeztu zuten, eta orain Viktoria Eugenia antzokira iritsiko da. Hain zuzen, larunbatean eskainiko dute emanaldi bakarra 20:00etan. Sarrerak 8 eta 20 euro artekoak dira.
1900. urte inguruko Dublin hirian dago girotuta istorioa. Bizitza iragankorra da. Hildakoak ez dira bakarrik hilda daudenak, baizik eta baita ere pasioz bizitzen jakin ez dutenak. Gizakiaren hauskortasuna, atzerako begirada, galdutako amodioa, pasioa… dena elkarrekin nahasten da.
Jose Antonio Vitoria eta Garbi Losada arduratu dira ipuin bildumaren moldaketaz. Losada antzezlanaren zuzendaria ere bada.
The dead azken ipuina da antzezlanaren oinarria, heriotzaren ingurukoa dena. XX. mendeko literatura unibertsalaren erreferenteetako bat da Joyce idazlea, eta misterioz jantzi zuen aipaturiko bilduma. Halere, gutxitan eraman da taula gainera.
John Huston zinema zuzendari estatubatuarrak ipuin bildumaren filmea egin zuen 1987an, bere ibilbideko azkena. Bizitzaren ikuspegi gehienak erakusten dituela azpimarratu zuen.
Zortzi aktorek osatzen dute
Dublindarrak antzezlana: Naiara Arnedo, Aitor Beltran, Isidoro Fernandez, Lierni Fresnedo, Asier Hormaza, Iñake Irastorza, Klara Mendizabal eta Asier Sota. Irlandako garai hartako janzkerarekin ageri dira obran, Joyceren istorio ilunak kontatzeko.