Irakasle izandako lagun talde batek sortu zuen Hazi eta Ikasi elkartea, 2009. urtean. Gaur egun 250 umeri eskaintzen diete eskolan aurrera egiteko behar duten laguntza.
Hazi eta ikasiko boluntario bat ikasleetako bati azalpenak ematen. (Argazkia: Hazi eta ikasi)
Baliabide mugatuak dituzten familiei laguntzeko jaio zen Hazi eta Ikasi elkartea, duela ia hamar urte. Lehen hezkuntza eta DBHko sei eta hamahiru urte bitarteko ikasleei eskola sostengua ematen diete bertan, etxeko lanekin eta zailtasunak dituzten ikasgaietan laguntza eskainiz.
Elkartea irakasle izandako pertsonez osaturiko talde batek sortu zuen 2009an. Euren lanbide esperientziak erakutsi zien egoera ekonomiko txarra bizi duten familien seme-alabek zailtasun gehituak dituztela. Erakundetik azaltzen duten bezala, kasu askotan, denbora eta formakuntza faltagatik, ume hauen gurasoek ezin diete beharrezkoa duten eskola laguntza eskaini. «Ondorioz, haur hauetariko askok, eskolako eta klaseko kideen erritmoa jarraitzeko zailtasunak izaten dituzte», Maribi Iartza (Pasaia, 1946) irakasle boluntarioaren hitzetan.
Arazo honek etorkinak diren familiengan eragin berezia duela diote ere. Izan ere, ikastetxeetan berandu hasteak edo gaztelania eta euskara ez diren ama-hizkuntza izateak egoera berrira egokitzera asko zailtzen die haurrei. Iartzak azaltzen duenez, «hiruzpalau urterekin iristen diren umeek ez dute egokitzeko arazo handirik izaten, baina sei edo zazpi urtetik gorakoei askoz gogorragoa egiten zaie». Horrek, maiz, haurren baztertzeari eta euren eskola-porrotari bide ematen diola diote elkartetik.
Ikasgai instrumentaletan maila on bat izateak beste arloetan ulermen maila egoki bat izaten laguntzen duenez, Matematika, Euskara, Gaztelania eta Ingelesari ematen diote lehentasuna Hazi eta Ikasin. Pili Arzubieta (Bedia, Bizkaia, 1948) koordinatzailearen arabera, «euskara da etorkinen haurrei zailtasun gehien suposatzen dizkien ikasgaia». Euskal Herriko bi hizkuntza ofizialak ezagutzen ez dituzten umeak dituzte geletan, baina Arzubietak dioen bezala, «euskararekin gertatzen ez den bezala, gaztelania nonahi topatzen dute umeek: kalean, jolas-parkean, telebistan…».
Gertuko laguntza
Ikastetxeen bitartez eman ohi da familien eta elkartearen arteko lehen kontaktua. Gela bakoitzeko tutorea izaten da behar bereziak dituzten ikasleak identifikatzeaz arduratzen dena eta, kasuren bat sumatzekotan, zentroa haurraren gurasoekin jartzen da harremanetan. Zailtasunak dituzten familien kasuan, ikastetxeak Hazi eta ikasiren doako proposamena luzatzen die eta, interesatuak badaude, elkartearen koordinatzaileek sostengu zentro batera bideratzen dute.
Bidebietako elizako gela batean hasi baziren ere, bederatzi urteko ibilbidean hiru auzo gehiagotara zabaltzea lortu du taldeak: Antigua, Egia eta Amara Berrira. Donostiako Udalak eta erakunde erlijiosoek utzitako guneetan egiten dute lan, eta ikasleek ikastetxetik sostengu zentrora joan-etorri luzeegiak egin behar ez izateko, lokal bakoitzak inguruko ikastetxeetako ikasleak jasotzen ditu.
Astean bi aldiz biltzen dira ikasleak, ordu eta erdiz, eskolaz kanpoko ordutegian eta klaseak bukatu bezain laster. Bertan, udalaren diru-laguntzekin eta hiriko erakunde desberdinek eskainitako laguntzarekin erosi eta lortutako eskola materialekin egiten dute lan umeekin.
Boluntarioen beharra
Taldea boluntarioz dago osaturik, eta horietako erretiroa hartu duten pertsonak dira. Iartzak dioen bezala, «denbora badaukagu eta besteak lagundu baditzakegu, zergatik ez animatu?». Hala ere, lanean dabiltzan edo irakasleak ez diren boluntario asko ere badituzte. «Unibertsitateko ikasle asko ere baditugu», esan du Arzubietak.
Ikasleen beharrei banan-banako erantzuna eman ahal izateko, elkarteko boluntario bakoitzak bi haurrekin egiten du lan gehienetan, gertutasuna eta atentzioa ezinbestekoak direla uste dutelako. Gaur egun, 250 ikasleri eskaintzen die sostengua elkarteak, 150 boluntarioren laguntzari esker. Azken hauek, ordea, astean bi aldiz etortzeko zailtasunak dituzte askotan, eta irakasle bakar bat lau umez arduratu behar izaten da batzuetan.
Finkatu dituzten helburuak lortzeko pertsona gehiagoren beharra dutela diote elkartetik, ikasleen itxaron zerrenda baitaukate jada, eta eskaeren kopurua etengabe hazten doalako. Zentzu horretan, elkarteko kideek garbi daukate: «Laguntza inoiz ez da nahikoa».